Ama birjinaren irudia erretaulatik atera zuten. (Juan Luis Romatet)
Arritokietako Ama Birjinaren irudia, eta haren ohorez egindako eta ermitan dauden beste hiru artelan jaitsi zituzten atzo beren kokalekuetatik, berriztatzera eramateko. Lehenbizi Durangora eramango dituzte, pipiak hiltzeko, eta ondoren Arritokietara ekarriko dituzte berriro, bertan zaharberritzeko.
XVI. mendeko Ama Birjinaren irudia, mende bereko triptiko hispaniar-flandiarra eta 1874. urtean Lecuonak margotutako Loiolako San Inazioren koadroa eta 1889an Juan J. Echanizek egindako Borjako San Frantziskorena pipiak janda daude. Hori dela-eta, Foru Aldundiko Ondare zerbitzuaren, Donostiako Elizbarrutiko Museoaren eta Elizaren baimena jaso ondoren, berritzera eramango dituzte lau artelan horiek.
Triptikoa astelehenean kendu zuten bere kokaletutik eta koadroak eta Ama Birjinaren irudia atzo goizean. Koadroak jaisteko lau lagunen laguntza behar izan zuten, duten pisuagatik. Lau artelanak bihar goizean eramango dituzte Durangora. Anoxia tratamendu bat ezarriko zaie pipiak hiltzeko: ganbera batean sartuko dira eta pixkanaka barruan dagoen airea kenduko dute. Hala, artelanetan dauden pipiak hilko dituzte. Hiru astez izango dituzte ganbera horren barruan. «Edozein berritze lan egin aurretik, behar-beharrezkoa da intsektu horiek hiltzea eta estruktura garbitzea», azaldu dute Rakel Nacentak eta Idoia Idigorasek. Orain hilabete gutxi Aita Mariren bustoa berriztatu duten biak arduratuko dira lau artelan horiek zaharberritzeaz. "Finkatu, garbitu eta babestu egingo ditugu jarraian". Lan horiek Arritokieta bertako sakristian egingo dituzte.
Ama Birjinaren irudia ez da originala, bigarrena baizik. Aurrez ere berriztatzeko lanak egin zaizkio, azkenekoa 1975ean, Kantabriako Santillana del Mar herrian. Horren testigantza ematen duen pegatina bat du atzealdean. Lau urte igaro dira azken zaharberritzetik eta hori igarri izan dute. "Pipiak kaltetu du. Ukitzearekin bakarrik polikromia erori egiten zaio", adierazi dute Nacentak eta Idigorasek.
Irudi hori maitea dute herritarrek eta bere lekura itzuli bitartean Ama Birjinaren eta haurraren argazkia jarri dute Arritokietako erretaulan.
Ikusi argazki galeria osoa
baleike.eus webgunean.