Txalo Produkzioak konpainiak ekoitzi du antzezlana, eta 18:00etan hasiko da
Txalo Produkzioak konpainiaren eskutik, Magia lapurra antzezlana ikusi ahal izango da larunbatean, urriak 8, Azkoitiko Baztartxo aretoan. 18:00etan hasiko da familia osoari zuzendutako emanaldia, eta lau euro ordaindu beharko da sarrera.
Dorleta neska gaztea da kontakizuneko protagonista. Magiarako zaletasun handia du, eta bere ilusioa betetzeko asmoz, casting batera aurkeztuko da. Antzoki batean jarri diote mago baten laguntzaile izateko castinga, mago batekin, baina magoaren ordez, lapur bat izango da proba egingo diona. Lapurrak amarrua egin nahi dio: mago itxurak egingo dizkio, baina trikimailuak ez dira neskaren oso gustukoak izango, erabat traketsa delako mago-lapurra.
Halere, Dorleta eta lapurra elkarlanean hasiko dira castinga egin behar duen benetako magoari ziria sartzeko. Horretan ari direla, magoa agertuko da, eta hortik aurrera, sekulako zalaparta sortuko da. Horrez gain, egoera magikoak eta sorpresak ere izango dira antzezlanean.
Hona hemen antzezlanaren laburpen bideoa:
https://www.youtube.com/watch?v=TxstKYRzI-Y