Lanek irauten duten bitartean, Aingeru kaleko bideak itxita egongo dira ibilgailuentzat, bizilagunentzat izan ezik
Datorren astelehenean, urriak 3, hasiko dira obrak Azkoitiko Aingeru kalean, ibilgailuen trafiko norabidea aldatu ahal izateko. Ibilgailuen ikusgaitasuna eta segurtasuna hobetzeko egingo dituzte lanak. Aurreikusitakoaren arabera, hilabete iraungo dute.
Lanek irauten duten bitartean, Aingeru kaleko bideak itxita egongo dira ibilgailuentzat. Ezingo da Mekoletako biribilgunera heldu, ezta Elgoibarko GI-2634 errepidera eta Aizkibel kalera ere.
Sartu ahalko diren bakarrak garajeak dituzten bizilagunak izango dira: 3, 12, 13, 18, 20, 22 eta 24 portaletakoak Aingeru kaletik sartu ahalko dira (Duke erretenaren bide zaharretik), Baztartxo antzokiaren atari aurrera arte. 30, 34, 36 eta 38 portaletakoak, berriz, Aizkibel kaletik sartuko dira, orain arte bezala.
Bestetik, lanean ari diren bitartean, Urbanue garraio publikoaren geltokia Aingeru kalearen eta Aizkibel kalearen arteko bidegurutzera aldatuko da.