Errefuxiatuen egoeraz hausnarketa sustatzeko, Aste Solidarioa egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko ira. 26a, 17:10

Bihar hasi eta larunbatera bitartean hainbat jarduera izango dira

Errefuxiatuek bizi duten egoeraren inguruan «kontzientziak astintzea» da Aste Solidarioaren helburua. Bihar hasi eta larunbatera bitartean egingo dute, garapen bidean dauden herrialdeen alde lanean ari diren bederatzi GKE Gobernuz Kanpoko Erakundek egindako ekarpenari esker. Hainbat jarduera antolatu dituzte Azkoitiko Udalaren Ongizate sailarekin elkarlanean, Garapenean Bidelagun lelo dutela. GKEen lana azaleratzen eta herritarrak sentsibilizatzen lagundu nahi du Aste Solidarioak. Horretarako, erakundeek postuak jarriko dituzte larunbatean, herriko Plazan. 11:00etatik 14:00etara bitartean hurbiltzen diren guztiei egiten dutenaren berri emango diete. Horrez gain, hainbat jarduera izango dira astean zehar. Bihar, Diamante Beltzak filma emango dute Elkargunean, 19:00etan. Ostegunean, berriz, Errefuxiatuen egoera-Biztanleriaren mugimendu basatia hitzaldia izango da leku berean, 19:00etan. CEAR Euskadik antolatu du, eta Iskander Garcia ariko da hizlari. Ostiralean eta larunbatean beste film bat proiektatuko dute Baztartxon, ohiko ordutegian: Dheepan. Bestalde, Errefuxiatu aterpeak erakusketa ikusteko aukera egongo da gaurtik larunbatera bitartean, Torre Zurin. Bihartik ostiralera 18:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke, eta larunbatean, 11:30etik 13:00era.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide