Emakumeen ahalduntze ikastaroetan izena eman daiteke irailaren 30era bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko ira. 23a, 13:46

Dantza, batukada, autodefentsa eta norbere burua ezagutzen eta maitatzen ikasteko saioak izango dira

Azkoitiko Udalak emakumeak ahalduntzeko ikastaroak antolatu ditu beste urte batez. Guztira, lau ikastaro izango dira, urritik abendura bitartean. Ikastaroen xedea emakumeek beren kezkak eta interesak partekatzea da, errealitate pertsonal, sozial eta politikoari buruz hausnartzeko. Dantza, batukada, autodefentsa eta norbere burua ezagutzen eta maitatzen ikasteko saioak izango dira. Parte hartu nahi dutenek, irailaren 30era bitartean eman dezakete izena, udaletxeko arreta bulegoan. Ikastaro sortari batukada saioak emango dio hasiera. Urriaren 5ean izango da, Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo irakasleen eskutik. Urriaren 10ean, Dantza adierazpena eta erlaxazioa ikastaroa hasiko da. Bertan, Karmele Gurrutxagak modu aktiboan meditaziora iristeko teknikak irakatsiko ditu, gorputzaz eta mugimenduaz baliatuz. Azaroaren 5etik aurrera, autodefentsa ikastaroan parte hartzeko aukera izango da. Indarkeria egoerak identifikatzeko eta partekatzeko aukera egongo da saioetan. Laugarren proposamena Ianire Estebanezek dakar. Nik nire bizitza kontrolatzen dut. Neure burua maitatzeko ikastaroa emango du. Bereziki emakume gazteei zuzendutako saioak dira. "Maitasunari buruzko mikrotxipetan txertatuta ditugun estereotipo eta maitasun erromantikoari buruzko mitoak landuko ditugu, eta berdintasunean eta tratu onean oinarrituz harremanak izaten ikasiko dugu", adierazi du irakasleak. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, berdintasuna@azkoitia.eus webgunea kontsultatu edo 943 85 71 74 telefonora dei dezake.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide