Azkoitiko Udala eta etxejabeetako bi hitzarmena sinatzen, atzo udaletxean (Ihintza Elustondo).
Idiakez Etxearen jabeek eraikinaren jabetza Azkoitiko Udalaren eskuetara pasatzeko konpromisoa berresten duen lankidetza hitzarmena sinatu dute. Agenda kontuengatik, data ezberdinak ezarri dituzte etxejabeek dokumentua sinatzeko –orotara, bost familiatan banatuta dago jabetza–. Lehenengoek atzo sinatu zuten akordioa udaletxeko batzar aretoan. Lizarralde familia eta Santa Klara komentuko mojak izan ziren; titulartasunaren %40 dute bien artean. Gainontzeko hiru familien ordezkariek datorren astean sinatuko dute hitzarmena.
Negozioazioak bi norabidetan doaz aurrera. Batetik, hitzarmenaren bidez, etxejabeek eraikina udalari emateko adostasuna adierazi dute, udalak azken urteetan jasan dituen mantentze gastuen truke –2005az geroztik andamioen gastuei aurre egin die–. Bestetik, espero dute Visesa erakunde publikoko Administrazio Kontseiluak irailaren amaieran izenpetuko duela Azkoitiko Udalarekin kolaborazio akordioa. Hitzarmen horren arabera, Visesak babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko ditu Idiakez Etxean.
Etxejabeek udala edozein erakunderen aurrean beharrezkoak diren gestio lanak egiteko baimentzen dute, bereziki, Visesarekin udalak eraikinerako aurreikusia duen proposamena gauzatu ahal izateko. Proposamena onartuko balitz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko lituzke Visesak eraikinean, eta Plaza Ondo erretiratuen etxea tokialdatuko lukete beheko lokaletara.
Horretarako, udalak orubea Visesari utziko dio. Visesaren Administrazio Kontseiluak irailaren bukaeran onartuko du Idiakez Etxean babes ofizialeko etxebizitzak egiteko udalarekin duen lankidetza hitzarmena.