Azkoitiko eta Azpeitiko 30-32 gaztek parte hartuko dute 'Shine Again' antzerki musikalean. (Bigoterik gabea)
Bigoterik Gabea antzerki taldea buru-belarri ari da hurrengo antzerki musikala prestatzen.
Rise & Shine izan zen lehena, eta, orain, bigarrena borobiltzen ari dira:
Shine Again. Ekainean Donostian estreinatu zuten, Gazteen Antzerki Topaketetan, eta udan ez dute emanaldi gehiago egin. Urrian berriro hasi nahi dute antzezpenekin, baina pertsona bat falta zaie lan taldea osatzeko, kide bat kanpora joango delako. Zehazki, neska edo mutil baten bila ari dira, mutil baten rola egiteko. Pertsona horrek antzezteaz gain, dantza ere egin beharko du. Interesatuek
antzerkimusikala@gmail.com helbidera idatzi behar dute.
Lehen atala Donostian, Zumaian, Azpeitian eta Azkoitian oholtzaratu zuten, eta izan zuen "arrakastaren" ostean, bigarren bat egitea erabaki zuten, Maite Alberdi antzezleak azaldu duenez: "Lehena, uste genuenaren aldean, ondo irten zitzaigun, eta polita geratu zen. Guztiok oso gustura geratu ginen, eta pena ematen zigun horrela uzteak. Orduan, bigarren zatia egin genuen".
Gazteak dira taldekide guztiak: zaharrenak 26 urte ditu, eta gehienak ez dira iristen 22 urtera. Ia guztiak azkoitiarrak dira, baina badira bi azpeitiar ere. Guztira, 30-32 laguneko taldea dira. Zuzendariak, berriz, Karitina Alberdi eta Xabier Barquero dira.
Eskola bateko gorabeherak kontatzen ditu antzezpenak. Bi dantza eta kantu taldetan banatuta daude ikasleak, baina krisiaren eraginez, bakar bat osatu beharko dute. Alberdiren esanetan, haietako batzuk "beti irabazten dutenak eta harroak" dira, eta besteak, berriz, "galtzaileak eta umilak". Beraz, egoera berrira moldatu beharko dute guztiek, tentsioak tentsio.
Dantza, musika, antzerkia
Dantza, musika eta antzerkia bilduko ditu zuzenekoak. Hori bai, abestiak aurretik grabatuko dituzte. "Ez da oso erraza dena batera egitea, dantzan ari zara eta ahoa mugitu behar duzu, abesti mugituak dira...". Gainera, aurreko atala baino "konplexuagoa" da oraingoa. "Dantzak zailagoak dira, eta lan gehiago eskatzen dute. Oraingoa, musikalagoa da aurrekoa baino".
Oraingoz, entseguetan murgilduta daude taldekideak. Larunbat goizetan biltzen da talde osoa Azkoitiko Baztartxo antzokian, eta, astean zehar, arloka elkartzen dira: dantzariak, abeslariak... Dena den, une honetan helburu bakarra dute: falta zaien pertsona hori ahalik eta azkarren aurkitzea, emanaldiekin hasteko. Data bat jarrita dute dagoeneko: abenduaren 10ean emanaldi bat egingo dute Azpeitian.