Elkarretaratzean jakinarazi zutenez, Arnaldo Otegik Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara EH Bilduko lehendakarigai aurkezteko aukera izan zezan, Alfonso Sastrek idatzitako manifestu bat izenpetu zuten sektore ugaritako 126 lagunek.
Mezu hau zabaldu zuten: "Azkoitiko EH Bildutik, Arnaldo Otegik gure herriko politikagintzara egindako ekarpena goraipatu nahi dugu, eta beronen inhabilitazioa demokratikoki larria dela eta antzinako politiketara garamatzala deritzogu. Hori dela eta, Arnaldo Otegiren inhabilitazioa bertan behera uzteko eta euskal ordezkariak zeintzuk izango diren euskal herritarrei erabakitzen uzteko exijitzen diogu Auzitegi Konstituzionalari". Bestalde, hurrengo ostegunean, EAEko hauteskundeetarako kanpaina hasten dela gogorarazi zuten. Kanpaina "alai, bizi eta freskoa" izatea nahi du EH Bilduk, eta dei egin zieten herritarrei bertan parte hartzeko. Helburua zein den argi dute: "EH Bilduk proiektu politiko, sozial, ekonomiko eta kultural ilusionagarri bat du. Herritarrentzako herri proiektu bat da, eta proiektu honekin lehen indarra izatea dugu helburu". Datozen egunetan hainbat ekitaldi egingo dituzte: -Irailak 8: Kanpaina hasierako kartel pegatzea, 24:00etan. -Irailak 10: Bizikleta martxa Azkoitiko kaleetan, 11:30ean plazan hasita. -Irailak 12: Bailarako ekitaldi nazionala, Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarterekin, Azpeitiko plazan, 18:30ean. -Irailak 15: triki-kalejira, 19:00etan, plazan hasita. -Irailak 17: Bilbon, Nazioa ekitaldia. Bertara joan nahi duenarentzat autobusak antolatuko dituzte. -Irailak 21: Ekitaldia Azkoitiko plazan, 19:00etan.