Iban Garate: "Albistegia aurkeztea ez da hain aldaketa handia"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko ira. 7a, 10:23

ETB 1-eko Gaur Egun albistegia aurkezten hasi zen astelehenean Iban Garate (Azkoitia, 1982). Aurretik gehiago aritu izan da entretenimendu saioetan, baina, momentuz, alde batera utziko ditu halako formatuak. Albisteak aurkezten hasi berri zara. Zer moduz sentitu zara? Lehen egunak bereziak izaten dira. Baina platoan eta taldean oso babestuta sentitzen naiz, eta lasaitu egiten nau horrek. Halere, beti egoten da kezkaren bat: ea denak espero bezala irtengo ote duen... Beti daude gauzak hobetzeko, baina nahiko balorazio ona egiten dut orain artekoaz. Neurria hartu behar zaio lanari, eta pixkanaka egingo dugu. Orain arte bestelako saioetan aritu zara. Nola hartu du jendeak aldaketa? Baten bat harrituko zen, baina, orokorrean, nik uste dut ondo hartu dutela. Ez da ahaztu behar azken urtebete Azpimarran egon naizela. Aurretik egin ditudan formatu informal horietatik pauso bat eman nuen iaz, eta aurtengoa beste pauso bat da. Niretzat ez da hain aldaketa handia albistegia aurkeztea. Jendea ez dago ohituta zu hain serio ikustera... Azkenean norbera den bezalakoa da, eta nik ez dut pertsona seriotzat nire burua. Askotan irudi bat sortzen du telebistak, eta gero zaila izaten da horri buelta ematea. Beti saiatu izan naiz nirekin bat zetozen proiektuak aukeratzen, baina nik ere badauzkat nire interesak alor politikoan, ekonomikoan, gizarte gaietan, nazioartean... Momentuz, entretenimenduzko formatuak alde batera utziko ditut; ez dakit noiz arte. Asko kostatu zaizu erronka onartzea? Kostatzen da lehen gustura egindako formatuei uko egitea, baina ondo pentsatutako zerbait da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide