Eskaera epea zabalik egongo da urriaren 31ra bitartean
Merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Azkoitiko Udala hainbat urrats ari da ematen. Merkatariei eginiko galdetegian jasotako erantzunak aztertu ostean, bi berrikuntza gauzatuko ditu. Batetik, publizitatea euskaraz egiteagatik diru laguntzak emango ditu, eta, bestetik, sare sozialen inguruko ikastaro bat antolatuko du merkatarientzat.
Orain arte ez zegoen publizitatea euskaraz egiteagatik laguntzarik, eta aurten aldatu dute hori, lehen aldiz. Horrez gain, saltokiek aukera dute diru eskaera egiteko errotulua, irudi korporatiboa edo webgunea euskaratuz gero. Programa informatikoak euskaratzeagatik ere jaso daiteke diru laguntza. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 da.
Diru laguntzen inguruko berri zuzena jasotzeko, udalak uda aurretik diptikoak banatu zituen saltoki guztietan. Banaketa bera jarraipena egiteko aprobetxatu zuten: merkatariek lehenengo hitza zein hizkuntzatan egiten zuten ikusi zuten, adibidez.
Sare sozialak
Diru laguntzez gain, merkatariek sare sozialen erabileraren inguruko ikastaroa eskatu zuten: Facebook salmentak areagotzeko nola erabili erakutsiko zieten ikastaro bat, alegia. Oraindik xehetasunak erabat lotu gabe dauden arren, udazkenean merkatariek aukera izango dute sare sozialetan duten abilezia areagotzeko.