Herri Moimentueko kideek esan dutenez, udalak “ahalik eta laguntza murritzena” ematea erabaki du.
Andremari jaietako festagune alternatiboa antolatzen duten kideek Azkoitiko Udalak beraiekin izan duen jarrera salatu dute. Herri Moimentueko kideek esan dutenez, udalak "ahalik eta laguntza murritzena" ematea erabaki du. "Gutxi batzuk engainatzeko asmoz edo kontzientzia lasai izateko zerbait ematea erabaki dute, baina guretzat ez da nahikoa", salatu dute.
Baliabide "faltagatik laguntza" behar dutela jakinarazi dute, udalaren jarrera "lotsagarritzat" jotzearekin batera: "Karpa eta eszenatokia ordainduko ditu udalak, baina ez dugu diru laguntzarik izango. Bi gastu horien fakturak soilik ordainduko dituzte. Ura eta argia izango ditugu; horiek ez ematea bakarrik falta genuen".
Herri Moimentueko kideen aburuz, udalaren helburua da herria txosnarik gabe uztea. "Hasiera batean zinegotzi batek esan zigun herria ezin zutela txosnarik gabe utzi, baina argi eta garbi dago hori dela beren helburua", gaineratu dute.
"Trabak" salatu dituzte
Festa alternatiboak antolatzeaz arduratzen den lantaldeko kideek esan dute udalarentzat ez direla "onuragarriak" beraiek antolatzen dituzten festak: "Antza denez, guk antolatzen ditugun festak ez dira politikoki onuragarriak beraientzat, eta hegoak moztu nahi dizkigute, herria bereganatu eta festetan ere hegemonia osoa izateko". Gainera, "gustuko ez dutenari trabak" jarri izana salatu dute: "Ez dute batere atsegin herritarrak antolatzea eta martxan jartzea".