Inazio Iriarte kalean, Estrada kalearen eta parrokiaren arteko zatian, XIV-XV mendeen arteko lubaki zatia aurkitu dute; Erdi Aroan hiribildua inguratzen zuen lurperatutako lubaki zatia, hain zuzen.
Arkeolan fundazioko kideek egin dituzte indusketa arkeologikoak, eta haiek azaldu dutenez, aztarnen balio arkeologikoa egiaztatzeko egindako hiru zundaketekin jakin ahal izan dute 1,80 eta 3,30 metroren arteko sakoneran dagoela lubakia. Gainera, lubakiaren kota baxuenean, lokatz iluna aurkitu dute, eta Arkeolanekoen arabera, horri esker jakin ahal izan dute lurperatutako lubakia zela aurkitutakoa.
Kale horretan hornikuntza eta saneamendu lanak egiten ari dira ekainaz geroztik, eta horretan ari zirela egin dute aurkikuntza. Orain arte ez zuten halako elementu arkeologikorik identifikatu Azkoitian, nahiz eta Erdi Aroan hiribildua inguratzen zuen harresi zatiak aurkitu zituzten. Arkeolanekoek esan dutenez, "harresiaren inguruko aipamen gutxi daude jasota, eta lurperatutako lubakiaren ingurukoak, berriz, batere ez". Hala eta guztiz, esan dute dokumentazio faltari irtenbidea ematen ari direla gutxinaka, arkeologia metodologiarekin.
Egindako arkeologia kontrolen arabera, lubakia harrestiaren ondoan zegoela esan dute Arkeolanekoek. "Lau metroko zabalera zuen. Eliz ataritik Kale Nagusiaren atzeko aldera eta handik, Inazio Iriarte kalean barrena, Balda plazara zegoen eraikita lubakia. Plaza horren parean isurtzen ziren lubakiko urak ibaira. Eta XVI.mendean, lubaki horren gainean, eraiki zuten Amabirjinaren Jasokundearen Parrokia", azaldu dute.