Landakanda eta Laja, 2013an omenaldia jaso berritan.
(Ibon Errazu)
Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, Laja eta Landakanda trikitilariek botako dute abuztuaren 14an Andramari jaien hasierako txupinazoa, "duten ibilbideagatik". "Azkoitian trikitixak familia zabaldu du, soinu eta pandero joleak asko dira, baita jarraitzaileak ere", azaldu du udalak. "Herriz herri, kalez kale eta plazaz plaza ibilitakoak, dabiltzanak eta ibiliko direnak asko" direla eta horien guztien "lana txalotu" nahi dutela jakinarazi du udalak: "Trikitiak bete duen funtzio soziala oroitzeko, herriko trikitixaren historian aitorpena merezi duen erreferentziazko bikotea da Lajak eta Landakandak osatzen dutena".
Udalak esan duenez, "Lajak eta Landakandak herritarrak dantzan jartzen eman dituzte gauak eta egunak. Eta hori ez da meritu makala. Asko dira soinua eta panderoa ondo astindu dituztenak Azkoitian, eta Udalak horiekin guztiekin partekatu nahi du festei hasiera emateko unea; trikitilariekin, pandero-jotzaileekin, dantzariekin eta trikitia maite duten guztiekin".