Andramarietako film laburren lehiaketako oinarriak atera ditu Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko uzt. 19a, 10:45

Seigarren aldiz egingo da film laburren lehiaketa, eta abuztuaren 11 aurretik entregatu beharko dira lanak udaletxean. Horrez gain, Inazio Iriarte Pintura Lehiaketako oinarriak ere jakinarazi ditu.

Hilabete baino gutxiago falta da Andramari jaietarako, eta jada zabalik daude hainbat lehiaketetako izen emateak. Andramarietako ohiko irudia da abuztuaren 17an herriko kaleetan margolariak ikustea. Aurten ere, artistek hartuko dituzte herriko kaleak Kuadrillen Egunaren bezperan. Horrez gain, seigarren urtez egingo dute film laburren lehiaketa. Urtez urte arrakasta handiagoa lortzen ari da txapelketa da hori, eta bere lekua hartu du festetako egitarauaren barruan. Ohi bezala, gaia librea izango da, eta 16 urtetik gorakoek har dezake parte. Lanek lau eta zortzi minutu arteko iraupena izan behar dute, eta formatu digitalean eginda egon beharko dute: DVD, CD edo edozein ordenagailu arruntek irakurriko duen formatuan. Beharrezkoa da lanak, originalak eta inon saritu gabekoak izatea. Sariei dagokionez, 200 euro eta oroigarria lortuko ditu lehenengo sarituak eta, bigarrenak, 100 euro eta oroigarria. Azkoitiko Udalaren oinarrien arabera, lau film labur baino gutxiago aurkezten badira ez da lehiaketarik izango. Gutxieneko kalitatea bermatzen duten guztiak 100 euroko dieta jasoko dute, gehienez hamabost film laburrek jasoko dute kopuru hori. Lanak abuztuaren 11 aurretik aurkeztu behar dira, Azkoitiko Udaleko Kultura sailean. Film laburren proiekzioa, abuztuaren 15ean izango da, herriko plazan, 22:30ean. Lehenengo saria epaimahaiak erabakiko du, eta, bigarrena, herritarrek.

Pintoreak kalean

Bestalde, Inazio Iriarte XXXV. Kale Margo Lehiaketan parte hartzeko oinarriak ere plazaratu ditu udalak. Interesa duen orok egin dezake bat ekitaldiarekin, baina margolariek Azkoitia izan beharko dute margotzeko gaia. Bestalde, artistek ez dute mugarik izango neurriari eta teknikari dagokionez, eta, horrez gain, nahi adina koadro aurkezteko aukera izango dute. Lan saioa 09:00etan hasiko da. Izan ere, 10:00ak bitartean egingo dute lanerako gaien zigilatzea, eta lanak 15:00ak aurretik entregatu beharko dira. Sari banaketa 19:30ean egingo dute, Torre Zurin, eta 1.800 euroko sari poltsa egongo da banatzeko, lanen mailen arabera banatuta. Horrez gain, jaien egitaraua osatzeko iradokizunak egin daitezke kultu@azkoitia.net-era idatzita edo 943-85 71 70 telefonora deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide