Sahieski eta txorizo errea emango dituzte parrilladan. (Miriam Romatet)
Urtero garai honetan egin bezala, Zumaiako surf elkarteak, Ziskek, Surfesta antolatuko du. Larunbat honetan egingo dute, arratsaldean hasi eta gauera bitartean, eta ohiko parrilladaz gain, surfean hasteko aukera ere izango dute Itzurunera joaten direnek.
16:00etan hasiko dituzte ekintzak Itzurunen. Ordu horretan hasi eta 20:00ak bitartean, surfean hasteko aukera izango dute kirol hori probatu nahi dutenek. "Surfeko materiala eskuragai jarriko dugu eta klubeko kideak monitore lanetan arituko gara. Doako ekintza izango da. Hala, ikastaroetan izena eman gabe, surfa probatzeko aukera izango dute", azaldu dute Ziskeko kide IƱigo Odriozolak eta Josu Alcantarak.
Aurten ere ez da faltako saiheski eta txorizo errea jateko aukera. Parrillada 20:00etan hasiko dute eta jatekoa amaitu arte izango da martxan. Janariagatik borondatea emango da; garagardoak eta freskagarriak, aldiz, euro batean salduko dituzte.
Girotze lanetan, Mario Azurza (El Ciruelo) DJa izango da. "Zarauzko DJa da eta baita surflaria ere. 1980eko hamarkadako musika jarriko du, funk erritmoak, eta abar luze bat".
Surfaren inguruan irailean eta urrian biziko denaren atarikoa besterik ez da larunbatekoa. Besteak beste, herriko surf eta bodyboard txapelketa, Euskal zirkuituko bodyboard proba eta, garrantzitsuena, Europako zirkuituko bodyboard proba bat hartuko ditu Itzurun hondartzak orduan. "Europa mailako izen garrantzitsuenetakoak etorriko dira".
Azken honen antolaketa lanak suposatuko dituen gastuak ordaintzen laguntzeko, diru kopuru baten trukean, abuztuaren 12an izango den Euskal Jai egunean lan egingo dute Ziskeko kideek. "Egun horretan denok egin beharko dugu lan".
Gaur egun ehun bat lagunek osatzen dute Ziske kluba. Horrek agerian uzten du kirol honek Zumaian ere hartu duen indarra. Udan antolatzen dituzten ikastaroek parte-hartzaileen gainbehera izan duela onartzen dute, ordea. "Gazte asko Zarautzera joaten dira. Baina, gero, beste faktore bat da lehen guk ematen genituela ikastaroak eta gaur egun surfeko hiru eskola desberdin daudela".
Zumaian surfak eta bodyboardak azken urteotan izan duen arrakastaren beste adibide bat da hori: "Itzurun hondartza surfistez beteta dago". Eta "eskerrak" esan beharko da, askotan sorosle lanak egin beharrean izaten dira-eta, pasa den igandean ikusi zen bezala: uretako motorrarekin Itzurunera joan ziren bi lagun atera behar izan zituzten surflariek, olatu handien menpe geratu zirelako motodunak.