Ezker eskuin, Nerea Uranga (Urola Kostako Hitza), Nekane Larrañaga Euskara zinegotzia, Javier Zubizarreta alkatea, Gorka Eizagirre (Erlo Telebista) eta Naroa Olalde (Maxixatzen).
Urtebeterako hitzarmena sinatu dute Azkoitiko Udalak eta UROLA KOSTAKO HITZAk. Erakundeak 8.000 euroko diru laguntza emango dio urtebeterako hedabideari, iaz baino 2.000 euro gehiago.
Gainerako tokiko hedabideek ere sinatu dute hitzarmena: Maxixatzenek eta Erlo Telebistak, hain zuzen. UROLA KOSTAKO HITZAk eta Erlok kopuru berdina jasoko dute, azken horiek ere aiz baino 2.000 euro gehiago. Maxixatzenek, berriz, 27.000 euro jasoko ditu. Iaz, 53.000 euro jaso zituen proiektua martxan jarri ahal izateko.
Hedabideetako ordezkariez gain parte hartu dute agerraldian Javier Zubizarreta alkateak eta Nekane Larrañaga Euskara zinegotziak. Larrañagak zera esan du tokiko hedabideen ekarpenaz: "Euskararen erabilera indartzeko eta euskararen normalizazioaren bidean aurrera egin ahal izateko apustua estrategikoa da hau. Horregatik, ahal dugun neurrian, informazioaren eta komunikazioaren esparruan egiten duten lana babestu nahi dugu ahalik eta baldintza hoberenetan aritu daitezen. Tamalez, baliabideak mugatuak dira, eta erakundeen laguntzez gain, autofinantziazioaren ibilibidea egitea beharrezkoa dute. Bide horretan lanean ari dira eta, beraz, udalak ere bere aldetik bidezkoa ikusi du ekarpena egitea”.
Guztira, 43.000 euro bideratuko ditu Azkoitiko Udalak euskarazko komunikabideak sustatzera aurten.