Kutxa Ekoguneak eta Azkoitiko Udalak elkarlanean kudeatzen duten Altamirako baratze ekologikoetan landaketak egin dituzte gaur, astelehena, udalekuetako umeek. Uztaila Jolasean programan parte hartzen ari diren 47 haurrek parte hartu dute ekimenean, eta sendabelarrak eta landare lurrintsuak landatu dituzte Altamiran.
Elikadura eta ohitura osasuntsuen garrantziaz jabetzeko balio izan die esperientziak, eta, nola ez, dibertitzeko. Landaketez gain, txorimaloak egiten ere ikasi dute. Taldeka banatuta aritu dira, eta, bukaeran, baratzeetan jarri dituzte beraien funtzioa bete dezaten aurerrantzean.
Azkoitiko Altamirako baratze parkea Kutxa Ekoguneak hainbat udalekin elkarlanean martxan jarritako Gipuzkoako Baratze Parke Sarearen barruan kokatuta dago. Gaurko ekimena gunea dinamizatzeko egiten diren saioen barruan antolatu dute. Gaurkoa sendabelarren txanda izan bada ere, beste hainbat ekimen ere antolatu dituzte. Joan den martxoan, esaterako, fruta-arbolak eta zuhaixkak landatu zituzten Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako haurrek .
Altamiran, 65 lursail daude eta Kutxa Ekoguneako arduradunek dioten moduan, "aisialdi aktiborako topaguneak dira, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatzen duten gune berdeak". Gaurkoan txikiek atera diote probetxua.
[flickr_set id="72157670825162586"]
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide