Jose Ramon Lete 'Traki' azkoitiarra isolamendutik ateratzeko eskatu du Sarek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko uzt. 8a, 17:09

Jose Ramon Lete Alberdi Traki azkoitiarra Soto del Realen (Madril, Espainia) espetxeratu zuten ekainaren 21ean, eta ordutik "bakartua" eta "isolatuta" dutela salatu du Sarek. "Nazio Batuen Nelson Mandela arautegiaren arabera, isolamendutzat jotzen da egunero gutxienez 22 orduz presoa giza harremanik gabe egotea", eta baldintza horietan dago azkoitiarra.
Azkoitiko Sarek gogorarazi du, Traki ez dela bakarra. "Are gehiago, 25 euskal preso daude gaur egun isolamendu egoeran. Eta ez egun bat edo aste bat. Hilabeteak eta urteak ere bai. Izan ere, espetxe arautegian zigor puntual gisako neurria hartzen bada ere, euskal presoek askotan sufritzen dute isolamendu egoera. Kasu batzuetan, urte luzez pairatu behar izan dute egoera hori zenbait espetxetan. Eta batzuek osasun arazo larriak izan dituzte". Hori dela eta, espetxeko arautegia errespetatzeko eta legea betetzeko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei, baita isolamendu egoerak ahalbidetzen dituen salbuespenezko legediarekin amaitzeko ere. Nelson Mandela arautegiko 44. araudiak honako hau dio:
“Zigorrak eta murrizketak ezingo dute, inolako kasuan, tortura edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo iraingarrien baliokidea izan. Bereziki debekaturik geratuko dira, beraz, hurrengo praktikak: 1. Isolamendu mugagabea. 2. Luzaroko isolamendua. 3. Iluntasunean edo etengabe argiztatua dagoen ziega batean itxialdia. 4. Gorputz – zigorrak, elikagaien edo edateko uraren murrizketa. 5. Zigor kolektiboa”
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide