Azkoitiko Udalak "irmoki" gaitzetsi du igande goizaldean emakume eta gizon batek festan zebiltzala Azkoitiko kaleetan jasandako erasoa. "Ustezko gazte talde batek bikotea bortizki jo zuen eta emakumeak irain matxistak jasan behar izan zituen", dio udalaren oharrak.
Polizia iturrien arabera, igande goizaldean gertatu zen erasoa. Dirudienez, ustezko erasotzaileek emakumea eta gizona kolpatu zituzten taberna baten barruan eta erasotzen jarraitu zuten ondoren kalean.
Javier Zubizarreta alkateak gertaturikoa gogor arbuiatu du, eta "lasaitzeko eta elkarbizitza baketsurako" deia luzatu du. "Guztiz onartezina da horrelako tratu txarrak ematea. Horrelako gehiegikeriak onartzen ez dituen gizartea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu, guztiz desagerrarazi arte".
Alkateak azaldu du biktimek jarri dutela jada salaketa eta Ertzaintza kasua ikertzen ari dela. Zubizarretak izan du aukera bikotearekin egoteko eta babesa emateko, eta arreta psikologikoa ere eskaini zaie Udaleko Ongizate sailetik.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide