Denboraldi amaierako batzar orokorra egingo du bihar Anaitasunak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko eka. 30a, 10:27

Zapatuan, berriz, Gorrixen Egune ospatuko dute.

Joan den denboraldian egin bezala, aurten ere Gorrixen Egune baino egun bat lehenango egingo du Anaitasunako Zuzendaritza Batzordeak denboraldi amaierako batzar orokorra. Bilkura bihar bertan izango da, ostirala, Elkargunean, 19:00etatik aurrera. Batzarraren helburua da amaitu berri den denboraldiari errepasoa egitea. Ekonomiaren ikuspuntutik, antolakuntza aldetik eta kirol arloari begiratuko diote lehenik, eta behin hori eginda, datorren denboraldirako helburuak eta ikuspegi orokorrak azalduko ditu zuzendaritzak. Bazkideak eta bazkide ez direnak daude gonbidatuta batzarrera.

Zapatua, Gorrixen Egune

Zapatuan, berriz, denboraldi amaierako bazkaria egingo dute Anaitasunakoek Joseba jatetxean. Ohiko egitaraua izango du aurten ere Gorrixen Egunak. Aurten ere, gorriz jantzita irtetera animatu nahi ditu klubak jokalariak, entrenatzaileak eta gainerako zale guztiak. Anaitasunako jokalari guztien omenez, eta aurten lortutako balentriak eskaintzeko meza ospatuko da, 13:00etan, parrokian. Behin hori amaituta, bazkaria egingo da Joseba Jatetxean, 14:00etan. Azkenik, urteroko sari banaketa izango da: talde bakoitzean gol gehien egin dituen jokalaria eta denboraldian zehar gehien nabarmendu den jokalaria sarituko ditu klubak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide