Antolatzaileak gustura daude II. Pelotai Eunek izandako arrakastarekin

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko eka. 21a, 13:21

Pilotari ohiak eta pilota zaleak, Balda plazan. (Maxixatzen.eus) Antolatzaileak "oso gustura" daude Azkoitiko II. Pelotai Eunek pasa den larunbatean lortutako arrakastarekin. Ia egun osoan zehar jendez beteta egon ziren bai Kontzejupea baita haren inguruak ere. Beraz, pilotaren bueltan herrian mugimendua sortzea lortu izanaz gustura daude eguna antolatu dutenak. Horrez gain, herritar askok jantzi zituzten praka zuriak pilotaren omenez, festari kolorea emateko. Zapatu goizean Balda plazan hasi zuten eguna pilotariek eta pilotazaleek, hala nola Atano X.a eta XII.a, Larrañaga, Xapatero  eta Andueza IV.a eta VI.a elkartu ziren. Handik kalejiran joan ziren Kontzejuperaino. Behin plazara iritsitakoan, aurreskua eta bertsoak abestu zizkieten pilotari ohiei, eta jarraian hasi zuten pilotaren festa hurrengo egunera arte Kontzejupean bertan. II. Pelotai Euneko txapelketako final laurdena jokatu ondoren lehiatu ziren Jon Apezetxea eta Oskar Lasa Jokin Sudupe Egurrola eta Jokin Errastiren kontra. Azkoitiarrek 30eta 20 galdu zuten.

Herrikoak nagusi

Arratsaldean jokatu ziren beharbada pilotazale gehien bildu zituen partidak: Xabier Andreu eta Aitor Goenaga azkoitiarrek  Augusto Ibañez Titin III.a jokalari ohiaren eta Aritz Beginoren kontra. Etxekoek aise irabazi zuten partida: 40 eta 21. Goi mailako emakumeen partidari dagokionez, 22 eta 14 irabazi zuten Larrartek eta Gabirondok Otaegi eta Arrillagaren kontra. Partida horren ondoren jokatu zen II. Pelotai Euneko txapelketako finala.  Alex Juaristik eta Unai Aranbarrik irabazi zuten 22 eta 9 Jon Plazaola Pepo eta Jon Larrañaga Txantonen kontra.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide