Bigarren urtez egingo da bihar, zapatua, Pelotai Eune Azkoitian. Dozena erdi lagun hasi ziren elkartzen joan den urtean, biharkoa prestatzen hasteko asmoz. "Ikusita pilota gaur egun herrian erorita dagoela, eta lehen izan zuen indarra kontuan hartuta, bultzada bat ematea da gure helburua", diote antolatzaileek.
Horregatik, pilota eta Kontzejupea izango dira nagusi bihar Azkoitian. Herriko pilotari ohiak eta gaur egungoak, profesionalak izandakoak nahiz afizionatuak omenduko dituzte. Guzti horien omenez, praka zuriak jantzita kalera ateratzeko dei egin die herritarrei antolatzaileek.
Goi mailako pilotarien arteko partidez gain, herriko pilota zaleek parte hartu duten II. Pelotai Euneko txapelketako azken partidak jokatuko dira. Txapelketa hori maiatzaren 12an hasi zuten, eta 53 bikotek parte hartu dute. Iaz 22 bikote izan ziren guztira, eta egunean bertan jokatu ziren partida guztiak. Ondorioz, gustura daude antolatzaileak.
"Asko kostatu zaigu emakume pilotarien parte hartzea lotzea", diote. Azkenean, pilota elkartearen bidez lortu dute partida erakargarri bat lotzea. 19:00etan izango da hori.
Egitaraua
11:00. Pilotariak bilduko dira Balda plazan, eta kalejira egingo dute Kontzejuperaino, txistulariek lagunduta.
12:00. II. Pelotai Euneren hasiera eta pilota txapelketaren final laurdeneko lehen partida.
13:00. Partida erakargarria: Egurrola eta Errasti Apezetxea eta Lasa III.aren kontra.
14:00. II. Pelotai Euneko txapelketaren jarraipena. Final laurdeneko bigarren partida.
18:00. Goi mailako pilotarien partida: Titin III.a eta Begino Andreu eta Goenagaren kontra.
19:00. Goi mailako pilotarien partida: Gabirondo eta Larrarte Arrillaga eta Otaegiren aurka.
20:00. II. Pelotai Euneko txapelketako finala.
21:00. Sari banaketa.
21:30. Pilotari guztiak afaltzera joango dira.
06:00. Kaleazka herrikoia, edonork parte hartu dezake.