Orain dela ia urtebete presaka egindako bi bileretan zaborraren bilketan sistema aldaketa egiteko asmoa azaldu zigun udal berriak, baina gaikako bilketaren helburuak mantenduz. Horretarako errefusarentzat eta organikoarentzat txip bidezko kontenedoreak ipintzea nahi zutela esan ziguten. Zegama eta Arrasateko sistemak aipatu zizkiguten. Gure ustez, Zegama eta Arrasateko sistemek alde positiboak badituzte: kontenedoretan, txip bidez kontrolatuta, errefusa astean behin jasotzea. Eta helburuak lortzen ari garen baloratu eta neurri zuzentzaileak adosteko jarraipen batzordea. Horretaz hitz egiteko prest azaldu ginen. Udaleko agintari berriei jarrera eraikitzailea eta elkarlanerako prestutasuna azaldu genien. Zehazterako orduan gurekin kontatzen zutela eta zehazteko bidean bilera gehiago egingo genituela ulertarazi ziguten. Hala ere, zazpi hilabete luze pasatu dira gurekin elkartu ez direla, bilera eskatua dugun arren. Prentsaren bidez enteratu gara kontenedore grisa muga eta kontrolik gabe lagatzea beste helbururik ez dutela. Bai, bakarrik behin behinekoa izateko ipini omen zuten hura, inpropioen arazoa bideratu arte. Udalbatzan onartutakoa eta gurekin hitz egindakoa baztertuz. Guk bezala birziklapenean eta zero zabor bidean sinesten duen jendeak esan izan digu ez zegoela ezer taxuzkorik egiterik PNVkoekin. Aurreko legealdian hondakinen gaiarekin ibili zuten joko zikina ikusita ikuspuntu logikoa zen PNVrekiko errezeloa. Guk, hala ere, udal gobernukoekin bi bilera egin genituen. Esaten zigutenez udalbatzan onartutako helburu eta printzipioak bere egiten zituzten: 1) %70eko gaikako bilketa. Betetzen ari da? %50 inguruan omen gabiltza. 2) Birziklatzea herritar guztion betebeharra da. Betetzen ari da? 3) Errefusari ateak itxiko dizkion sistema izatea. Betetzen ari da? Kontenedore grisak gainezka ikusita, garbi dago ezetz. 4) Irizpide teknikoekin egitea bilketa sistemaren aukeraketa… Betetzen ari da? Udal agintariek kontenedore grisei buruz hartutako erabakia jakinda gero, garbi dago ezetz. Beraz, non gelditzen da zuen hitza? Ematen duenez kontenedore gris batean. Bakoitzak duen onena ateratzen saiatzen gara eta agintari berriekin ere horrela jokatu nahi izan dugu. Baino ez dagoen tokitik ezin da atera. Agintari berriengandik (asko PNV-n independiente bezela aurkeztutakoak) beste jarrera bat espero genuen. Baina ez, aurreko legealdiko PNV-koak bezain faltsuak irten dira. Udalbatzan “satisfetxo” esan omen zuen alkate jaunak gurekin bilerak egin zituztela. Horretarako egin zituzten bi bilera, egin dituztela esateko. Gu ere “satisfetxo” egongo ginateke bileretan hitz egindakoa beteko balukete. Bileretan gauza bat esan eta bestea egin. Gezurra esan ziguten. Birziklapenaren inguruan konpromiso batzuk azaldu zituzten baina azkenean erraustegiaren atzean dituzten interes ekonomikoei garrantzi handiagoa eman diote eta alderdiak agindutakoa zuzen zuzen jarraitzen ari dira. Bestela Lezokoa gerta liteke, edo? Birziklatzea herritar guztion betebehar izatetik, basura nahasia ateratzea libre eta kutsatzea eskubide bilakatu nahi duten honetan, planteatzen ari diren atzera pausuaren aurrean erantzun bat pentsatzeko batzar batera deitzen ditugu azkoitiarrak. Ekainaren 22an, asteazkena, 18:30tan Kultur Etxean. Animo!Azkoitia Zero Zabor