Ekainaren 25ean jokatuko dira lehen pilota partida profesionalak Aitzurin

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko eka. 8a, 00:00

Frontoi luzearen urbanizazio lanak amaitu dituzte dagoeneko eta ingurune hura herritarrei zabaldu zaie. 165.000 euroko aurreztea lortu du udalak obrak fase bakarrean emanda2007ko azaroan hasi ziren Odieta frontoi zaharra eraisten. Ordutik, eta ia hamar...

Frontoi luzearen urbanizazio lanak amaitu dituzte dagoeneko eta ingurune hura herritarrei zabaldu zaie. 165.000 euroko aurreztea lortu du udalak obrak fase bakarrean emanda

2007ko azaroan hasi ziren Odieta frontoi zaharra eraisten. Ordutik, eta ia hamar urtez, Zumaiak ez du frontoi estalirik izan eta Gurrutxaga plazako eraikin zaharrean egiten ziren partidak eta entrenamenduak beste leku batzuetan egin behar izan dituzte: Zestoan Dinastia Etxabeko partidak, Getarian eta Donostian zesta punta eskolako haurren entrenamenduak, Herri Eskolako pilotaleku txikian herri mailako partidak...

2011. urtean berriro zabaldu zuten Odieta, baina estalperik gabe eta zazpi koadrotara mugatuta. Eskuzko eta palazko txapelketa herrikoiak eta festetako afizionatu mailako partidak jokatu dira epe honetan.

Egon den hutsune hori ekainaren amaieran beteko da. Hilaren 25ean, 21:30ean, jokatuko dituzte Aitzuri frontoi luzean lehen partida profesionalak. Oraindik ez dute zehaztuta zein pilotari etorriko diren Zumaiara egun horretan, ordea, jakina da eskuzko eta zesta puntako partidak jokatuko direla.

Amaitutzat eman direnak frontoiaren inguruko urbanizazio lanak dira. Urbanizazio lanen barruan daude: errepidea, oinezkoentzako ibilbidea, berdeguneak eta aparkalekuak.

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, exekuzio irizpide batzuk tarteko, obra horiek azkenean fase bakarrean egin dira, eta ez hirutan, hasieran aurreikusi bezala. Horrek kostuaren txikiagoa izatea ekarri du: 700.000 euroan atera ziren lizitaziora eta, azkenean, obra 535.000 euroan eman da, «Urtebete aurretik amaitu dira obrak eta, gainera, udalak kopuru nabarmena aurreztea lortu du», azpimarratu du udalak.

Datozen egunotan Aitzuri frontoi ingurua garbitu eta belarra moztuko dute. Gainera, aparkalekuko lur zorua jarriko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide