Zale ugari bertaratu dira Txerloiara. (Anaitasuna)
Hirugarren Mailarako igoera faseko lehen neurketa jokatu du Anaitasunak gaur, zapatua, eta 6-o irabazi dio Gasteizko El Pilar Marianistas taldeari. Partidu oso ona jokatu dute Igor Quindosen mutilek, eta zaleek ere ez dute hutsik egin, beste behin. Txerloiako harmailak jendez bete dira gaurkoan ere. Aurreneko gola 32. minutuan iritsi da, Ander Arabaolazak sartu du. Hark beste bi gol ere sartu ditu: 35 eta 50. minutuan, hain zuzen. Beste hiru golak Aitor Zulaikak (40.minutua), Mikel Aramendik (61.minutua) eta Ander Pastrianek (88. minutua) sartu dituzte.
Igoera faseko bigarren eta azken neurketa hurrengo asteburuan jokatuko dute gorriek, eta Arrigorriagako (Bizkaia) Padura taldea izango dute aurrez aurre orduan.