Azkoitian Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialeko gela desplazatuak jarriko dira martxan irailean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko eka. 2a, 14:50

Gaztenenean, hau da, lehengo Musika Eskolan emango dituzte eskolak. (A. Olaizola) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarekin negoziatu ostean, datorren ikasturterako Eibarko Hizkuntza Eskolak gela desplazatuak eskainiko dira Azkoitian. Hasiera batean, eta lehenengo saiakera gisa, ingeleseko erdi mailako eskaintza emango da. Horrez gain, eskolak emateaz gain, ikasleek Azkoitian bertan egingo dituzte Hizkuntza Eskola Ofizialeko azterketak. Gaur egun, 150 bat lagun joaten dira Eibarko eskolara Azkoitia eta ingurutik. Udalak gela desplazatuak Gaztanenean kokatuko ditu, eta gelak horretarako egokituko ditu. Udalaren nahia da proiektuak dimentsio handiagoa hartzea, eta urtez urte eskaintza hobetuz, baliabideak gehituz eta teknologia berriak erabiliz. Alegia, Hezkuntza sailarekin ekindako elkarlanari eutsita eta baita bide propioak ahalbidetuz, esaterako, auto-ikaskuntzarako ordenagailuak eta programak jarriz, hizkuntza desberdinetako materiala eskainiko duen liburutegia sortuz, e.a.

Matrikula irailean online

Interesatuek matrikula irailean egin beharko dute, orduan zabaltzen baita matrikula epea hizkuntza eskola guztietan. Eskola Ofizialeko matrikulazioa online egiten da modu bateratuan hizkuntza eskola guztietarako bakarra. Kontuan izan behar da plazak mugatuak izaten direla, hau da, eskaerak gehiago izan ohi dira eskaintzen diren plazak baino. Matrikula epea irailean zabaltzen bada ere ikasle ofizialentzat, hau da, klaseetara joan nahi dutenentzat, otsailean, ikasle “libreentzat” beste matrikula epe bat irekitzen da, alegia, bere kabuz ikasketak egin arren azterketak Hizkuntza Eskola Ofizialean egin nahi dituztenentzat. Zehaztapen gehiago emango ditu udalak ekaina amaieran eta uztailean. Eibarko Hizkuntza Eskolaren eta Azkoitiko Udalaren webguneetan emango da eskaintzen diren plazen berri. Gipuzkoa osoan bost zentro daude gaur egun: Irunen, Donostian, Eibarren, Ordizian eta Tolosan, hain zuzen. Euskal Autonomia Erkidego osoan 14 egoitza daude. Beste inon ez dago gela desplazaturik, Azkoitian eskaini nahi dira lehenengo aldiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide