Iazko Ikaskirol krosean 800 ikasle inguru bildu ziren. (A.A)
Igande goizean izango da 34. Ikaskirol krosa Azkoitian. Urtero bezala, Azkoitiko eta Azpeitiko umeek korrika saioan parte hartzeko aukera izango dute, 10:30etik aurrera. Guztira bederatzi lasterketa izango dira, adinaren arabera banatuta.
Ibilbideari dagokionez, aldaketa bat egitea adostu du Xabier Munibe Ikastolako Ikaskirol taldeak. Hala, LH5, LH6 eta DBH1 eta 2.mailako ikasleen lasterketan, Santa Klarako zubi ingurutik egingo da buelta luzea, Julio Urkijo aldera egin beharrean. Behin zubi hori igarota, Trino Uria zeharkatu eta Ibai Ondo kalera abiatuko dira korrikalariak, handik Plaza Berriko helmugara iristeko.
Urtero bezala, Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxe ezberdinetako hainbat ikaslek hartuko dute parte krosean; guztira, gutxi gorabehera, 900 ume izaten dira. Adinari dagokionez, 2002tik hasi eta 2011 urte bitartean jaiotakoek hartuko dute parte bertan. Azken urteetan izan bezala, igandeko lasterketa guztiak mistoak izango dira, neska-mutilez osatutako lasterketa saioak, hain zuzen.
Sari banaketa, eguerdian
Lasterketak amaitzean sari banaketa egingo dute, 12:30ak aldera. Sariak, 2005 eta 2002 urte bitartean jaio diren lehenengo hiruna neska-mutilei emango zaizkie; horrez gain, sari banaketan opariak zozkatuko dira korrikalari guztien artean. Horrez gain, parte-hartzaile guztiek jasoko dute domina bana proba bukatu bezain laster.
Egitaraua
10:30. HH4 mailako ikasleak. 400 metroko buelta txiki bat.
10:45. HH5. 400 metro. Buelta txiki bat.
10:55. LH1. 550 metroko buelta txiki bat.
11:05. LH2. 550 metroko buelta txiki bat.
11:15. LH3. 1.100 metroko bi buelta txiki.
11:25. LH4. 1.100 metroko bi buelta txiki.
11:35. LH5. 1.550 metroko buelta txiki eta handi bana.
11:45. LH6. 1.550 metroko buelta txiki eta handi bana.
11:55. DBH1 eta 2. Buelta txiki bat eta bi handi, 2.500 metro.
12:30. Oparien zozketa eta sari banaketa.