Kepa Junkerak Zumaia aukeratu du bideoklipa eta kanta berriak aurkezteko

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko mai. 31a, 00:00

'Maletak' izeneko diskoa ostegunean Bilbon aurkeztuko bada ere, larunbatean Zumaian estreinatu zituen diskoko lau abesti. Bilbotarrak Zumaian igaro zituen haurtzaroko urte batzukKepa Junkera musikari bilbotarrak badu harremana Zumaiarekin. Txikia zela ...

'Maletak' izeneko diskoa ostegunean Bilbon aurkeztuko bada ere, larunbatean Zumaian estreinatu zituen diskoko lau abesti. Bilbotarrak Zumaian igaro zituen haurtzaroko urte batzuk

Kepa Junkera musikari bilbotarrak badu harremana Zumaiarekin. Txikia zela Zumaian bizi izan zituen urte batzuk eta ondoren udak pasatzera ere etorri zen. Orduko oroitzapenak barrenean gorde ditu akordeoilariak. Orain, omenaldi bat egin nahi izan dio Zumaiari eta, Jon Maiak idatzitako letra batzuez baliatuz, Marea Zumaian izeneko abestia prestatu du. Kanta hori Maletak izeneko bere proiektuaren parte da. Diskoa ostegun honetan aurkeztuko du Bilbon. Pasa den larunbatean, ordea, Zumaian bertan aurkeztu zituen bideoklipa eta diskoko lau abesti. «Mundu mailako primizia da hau!», azaldu zien Junkerak Oxford aretoa bete zuten entzuleei.

Marea Zumaian abestian Zumaiako euskaran erabiltzen diren hainbat hitz jasota daude: gomexa, txoaskina, andarika... «Zumaiako hizkera hau mundura zabalduko da kanta honen bitartez», nabarmendu zuen aurkezle lanak egin zituen Josune Herrarte Zumaiako Udaleko euskara teknikariak.

Kanta horrekin egindako bideoa, nola ez, Zumaian grabatu zuten, azken San Telmo jaietan, Algorrin eta Itzurunen. Diskoaren promoziorako erabiliko den ikus-entzunezko hori Zumaian bertan aurkeztu nahi izan zuen Junkerak, bere webgunean zintzilikatu aurretik. Ez zen horretara mugatu bilbotarraren presentzia: azken bi diskoetan laguntzaile lanetan aritu diren Sorginak taldeko kide batzuekin, disko berrian jasoko dituen lau kanta jo zituen, inongo megafonia edo bozgorailurik gabe, «lehen egiten zen bezala». Hala, Drakian, Errekarriak, Maletak eta Marea Zumaian abestiak jo zituzten, bertaratutakoen pozerako.

Txikitako oroitzapenak

Oraingo Zumaiaren oso bestelakoa zen herri bat ezagutu zuen Junkerak txikia zela. Bere aita Zumaiara etorri zen Paolaldean etxe batzuk egitera eta familia ekarri zuen berarekin. Sanjuaniturri inguruan bizi ziren. «Gogoan dut orduko Zumaia, orduko usainak. Gogoan dut nola joaten nintzen esnea erostera, aitonarekin nola joaten nintzen Arranplara igeri egitera. Hotel Amayara joaten ginen bezeroen autoak ikustera. Itzurunen ikasi nuen nik igerian. Oraingo Zumaia herri ederra da, baina nik gogoan dudana beste Zumaia hura da».

Musikariak aurretik ere bazuen Zumaiari lotutako abesti bat egiteko asmoa. «Aurreko proiektuan ez nuen lekurik aurkitu, baina honetan egokia ikusi dut». Diskoaren izenean jasotzen diren maletak ez dira bidaiatzerakoan erabiltzen direnak, trikitiak gorde- tzekoak baizik. «Gorde egin ditut. Diote pertsonetan barrena dela garrantzitsuena; maleta hauek, barrena gordetzeko balio dute», zioen Junkerak. Jon Maiaren eta Andoni Egañaren kolaborazioak izan ditu diskoan.

Aurreko diskoko bideokliparen bitartez Urdaibai zabaldu zuen mundu mailan. Orain, Zumaiarekin antzerako zerbait gertatzeko gogoa azaldu du musikariak. «Hemengo jendeak badaki hor zer dagoen, baina mundu osotik nire webgunera sartzen direnek izango dute leku hau ezagutzeko aukera».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide