Azkoitiko Musika Bandaren Eguna izango da bihar, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako. Eguna hasteko kalejira egingo dute musikariek goizean, eta jarraian iritsiko da ekitaldi nagusia, eguerdian.
Bandaren kontzertu nagusia 12:30ean hasiko da, Kontzejupean. Zortzi piezaz osatutako kontzertua eskainiko dute, hala nola pasodoblea, zarzuela, folklorea, klasikoak eta erritmo latinoak joko dituzte, besteak beste. Honako pieza hauek osatzen dute biharko programa: Johann Pachelbelen
Canon, Juan Quinteroren
En er mundo,
Cancion Hungara zarzuela, Beethovenen
Marcha Turca,
Azken Mohikanoa filmeko soinu bandako abestiak,
La alegria de San Fermin Riau-riau ospetsua,
Kalinka abesti errusiarra eta Jose Manzo Perroniren
Moliendo cafe abestiak interpretatuko dituzte, besteak beste.
Bandaren poteoa
Kontzertua amaitu ostean, bazkaria izango dute bandako kideek. Arratsaldean, berriz, poteoa eta kalejira egitea aurreikusten dute. Asmoa da herriko kaleetan eta tabernetan ibiltzea instrumentuak joz. Izan ere, Azkoitiko Musika Bandaren nahia da beraien musika herritarrengana gerturatzea.