Bigarren postuan bukatu du liga Anaitasunak eta igoera fasea jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko mai. 23a, 11:22

Zaleen babesa izan zuten Anaitasunako jokalariek Hondarribian. (Nagore Orbea eta Maialen Arzallus) Anaitasunak ez du lortu Espainiako Hirugarren Mailarako igoera txartela. Bana bukatu zuten Hondarribiaren kontrako futbol partida Igor Quindosek zuzentzen dituen jokalariek, larunbatean. Tolosa liderrak galdu egin zuen Irunen, baina nahitaezko baldintza zen gorriek irabaztea zuzeneko txartela lortu ahal izateko. Beraz, ez zen nahikoa izan Beñat Landak sartutako gola garaipena lortzeko. Halere, zaleek ez zuten hutsik egin, eta azken momentura arte babestu zuten taldea. Lau autobusetan banatuta, 200 zale inguru bertaratu ziren Hondartza futbol zelaira. Azkenean, lider izatetik puntu batera gelditu dira azkoitiarrak, eta honakoa da Ohorezko Maila txapelketako sailkapen orokorra: Tolosa (70 puntu), Anaitasuna (69) eta Real Union (68).

Igoera fasea hastear da

Datorren denboraldian Hirugarren Mailan jokatzeko azken aukera datozen asteetan izango du Anaitasunak, izan ere, igoera faseko bi partida jokatuko ditu Araban eta Bizkaian bigarren postuan sailkatu diren taldeen aurka. Astebeteko atsedenaren ostean, ekaineko aurreneko asteburuan jokatuko du lehenpartida Anaitasunak, Gasteizko El Pilar Marianistasen kontra. Gorriek etxean dute partida hori, Txerloian. Bigarren eta azken neurketa Bizkaian dute, Arrigorriagan. Padura izango dute aurkari ekaineko bigarren asteburuan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide