Azkoitiko Intsausti jauregian egin dute agerraldia. (Ana Abarisketa)
Gazteentzat lana sortzea helburu, Hazilan proiektua aurkeztu zuten atzo Iraurgi Berritzeneko ordezkariek. 2016-2020 aldian gazteentzako 5.000 enplegu sortzeko helburuarekin sortu dute proiektua; sortutako enpleguen %55, gainera, emakumeentzat izatea nahi dute. Urola Erdia bailararen kasuan, Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza Agentzia izango da programa hori kudeatzeaz arduratuko dena; urtean 15 eta 20 gazte artean laneratzea da jarri dute helburua.
Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearen hitzetan, gazteek zailtasunak dituzte lana aurkitzeko gaur egun, eta erakundeen eginbeharra da horiek lan mundura gerturatzeko baliabideak jartzea. Jesus Agirre Iraurgi Berritzeneko lehendakariak azaldu du, "ondo prestatuta" dauden gazteei laguntzea dela Hazilanen helburua.
Hainbat baldintza bete behar dituzte proiektuan parte hartu nahi duten gazteek: 20 eta 35 urte bitartean edukitzea, unibertsitate mailako ikasketak bukatuta izatea edota Lanbide Heziketako goi mailako titulua izatea. Baldintza horiek guztiak betetzen dituztenek izena eman dezakete
Hazilan.eus webgunean. Horretarako azkenengo eguna datorren asteartea da.
Urola Erdiko garapen agentziak bailarako azken langabezia tasen berri ere eman zuten atzo egindako agerraldian. Aurtengo martxoko datuen arabera, %11,7koa da langabezia tasa Urola Erdian —Azkoitian, %11,7—, beraz, bailaran 2.017 pertsona daude langabezian; horietatik 1.011 emakumeak dira eta 1.006 gizonak.