Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako irabazleak izango dituzte aurkariak. Faseko garailea pasatuko da txapelketako azken fasera. Bihar goizean abiatuko dira, eta iluntzean dute lehen partida
Iaz jubenil mailako Pulpoko mutilek eraman zuten zoramena Lubaki kiroldegiko harmailetara. Ia-ia Espainiako txapelketa irabazi zuten Barcelonari aurre eginaz. Aurten, kadete mailako Pulpoko neskengan daude jarrita Zumaiako eskubaloizaleen ametsak. Ttakun Pulpo taldeak Espainiako txapelketako fasea jokatuko du Galiziako Porriño herrian.Bihar goizeko 05:30ean abiatuko dira autobusez Pontevedrara. Bederatzi bat orduko autobus bidaiaren ondoren, bihar bertan, 20:00etan jokatuko dute faseko lehen norgehiagoka, hango bertako BM. Porriño taldearen aurka. Larunbatean, 16:00etan, BM. Gijon taldea izango dute aurkari eta igandean, 10:30ean, Kantabriako Vallebuena. Zumaiarrak ez bezala —lesioak tarteko laugarren postuan sailkatu ziren Euskadiko txapelketan—, beste hiru taldeak euren multzoetako txapeldunak dira. Faseko irabazlea bakarrik sailkatuko da Espainiako txapelketa jokatuko duten azken fasera. Bertan zortzi talde onenek hartuko dute parte.
Ttakun Pulpoko neskek lesioasko izan dituzte denboraldi honetan, eta min handia egin die. Ederki hasi zuten denboraldia irailean: Gipuzkoako txapelketa jokatuz. Hamabi garaipenekin eta porrot bakarrarekin amaitu zuten txapelketa hori, bigarren postuan. Euskal Ligarako sailkatu ziren ondoren, sailkatze fasean partida denak irabazi ondoren.
Euskal Ligako lehen fasean ere maila bikaina erakutsi dute Zumaiako neskek, lau garaipen jarraian lortu ondoren, bi jardunaldiren faltan, Euskadiko txapelketarako faserako sailkatu ziren. Kukullagaren aurkakoa, ordea, zorigaiztoko partida izan zen. Etxebarrin jokatutako partidan Oihana Unanue eta Aitana Iraundegik lesio larriak izan zituzten (hiru aste aurretik, Kukullagaren aurka baita ere, Leire Mendizabal ere lesionatu egin zen). Halere, zorigaiztoa ez zen amaitu Pulpokoentzako, eta entrenamendu batean Maite Urteagak meniskoa eta lotailua hautsi zituen. «Ia ohartu gabe, denboraldia okertu zitzaigun erabat», zioen orduan Pablo Gutierrez entrenatzaileak.
Euskadiko txapelketako Lauko Finalera taldea murriztuta aurkeztu zuen Pulpok. Elgoibar eta Ereintzaren aurka ez zuten aukerarik izan, baina irabazle suertatu zen Zarauzko Aialaren aurka. Ondorioz, laugarren sailkatu ziren txapelketan. «Espainiako txapelketarako, ordea, lau postu zeuden eta animatu egin gara eta hor goaz Porriñora», azaldu dute Pulpo eskubaloi taldekoek.