Iñigo Peña: "Izugarrizko poza sentitzeaz gain, pisu bat kendu dut gainetik"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko mai. 13a, 10:41

Iñigo Peña piraguistak Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako txartela berretsi du. Espainiako K4ak iaz lortu zuen, baina kirolariek hautatze estropada pasatu dute.

Oraingoan bai, ezbehar larri bat izan ezean, Iñigo Peña piraguista zumaiarra Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan izango da, eta txikitatik zuen amets hori gauzatuko du. Iazko abuztuan lortu zuen Espainiako selekzioak K-4 ontzia Brasilerako sailkatzea, baina balentria hura erdietsi zuten lau kirolariek beraien presentzia berretsi behar izan dute hautatze estropada batean. Peñak non eta uretan baieztatu zuen baietz, Londresekoan ez bezala, Rioko jokoetako lehian hartuko duela parte. "Ba bai, pisu bat kendu dut gainetik. Gu laurok ginen titularrak, baina leku hori nominala bihurtzeko baldintza batzuk eskatu zizkigun Espainiako Federazioak eta horregatik tentsio pixka bat bazegoen", azaldu zuen Peñak Madrildik, Blume errendimendu handiko zentrotik. Rodrigo Germade galiziarrak, Javier Hernanz eta Oscar Carrera asturiarrek eta Iñigo Peña zumaiarrak Milanen jokatutako MundukoTxapelketan lortu zuten beraien piragua Olinpiar Jokoetarako sailkatzea, baina, Peñak dioen bezala, Federazioak beste hautatze estropada bat programatu zuen, Santa Cruz de Trasonako (Asturias, Espainia) urtegian. "Lehenengo zortzi denbora onenetan sailkatu behar ginen K1ean. Zazpigarren denbora onena egin nuen, ez zen nire txapelketarik onena izan, baina baldintzak bete nituen". Hautatzeko estropadan tentsioan joan zela dio Itxas-Gain elkarteko kirolariak: "Ez nuen proba ona egin, irteera eskasa egin nuen eta estropada osoa tentsioan joan nintzen. Lehenengo zortzi postuak ziurtatzera joan nintzen". Zazpigarren denbora onena egin zuen estropada hartan eta edozeinek imajina dezake zer pasatu zen bere burutik helmuga zeharkatuta txartela berea zela ziurtatu zuenean. Hala dio zumaiarrak: "Izugarrizko poza sentitu nuen eta, aldi berean, arinago sentitu nintzen, pisu bat kenduta". Tentsioa eta  urduritasuna barrenean eramango zuen, baina, azaldu duenez, garbi zuen Jokoetara sailkatuko zela: "Egia esan, kanpoan geratzeko beldurrik ez nuen, argi nuen baldintzak beteko nituela, nire bizitza osoan lehengo zortzi postuen barruan izan naiz eta". 85 egun falta dira 2016ko Olinpiar Jokoak hasteko. Printzipioz abuztuaren 8an joango dira Brasil aldera, "baina data hori ez da behin betikoa". Oraingoz, aurrez zehaztutako prestakuntzarekin jarraituko dute: "Datorren astean Alemaniara goaz, Munduko Kopan parte hartzera, eta ondoren Ourensen (Galizia) egingo ditugu bost aste. Entrenamentu zentro berri bat zabaldu dute bertan,  azpiegitura oso onekin". Amets bat betetzekotan da eta zergatik ez beste amets bat?: "Helburua dominen lehian izatea da; aukerak badaude eta horren bila joango gara".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide