'Ornitho', EAEko naturazaleen plataforma sortu du Aranzadik

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko mai. 10a, 00:00

EAE mailan egindako animalien behaketen datuak erregistratu eta gizarteratuko ditu interneteko guneak. Zumaian aurkeztu dute, Geoparkearekin batera antolatutako ekitaldi bateanNaturazaleek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan egindako behaketak bildu eta...

EAE mailan egindako animalien behaketen datuak erregistratu eta gizarteratuko ditu interneteko guneak. Zumaian aurkeztu dute, Geoparkearekin batera antolatutako ekitaldi batean

Naturazaleek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan egindako behaketak bildu eta gizarteratzeko asmoarekin sortutako Ornitho plataforma (www.ornitho.eus) jarri du abian Aranzadi Zientzia Elkarteak. Haren aurkezpen ekitaldia egin zuten Zumaian, Euskal Kostaldeko Geoparkearen laguntzarekin.

Ornitho izeneko lehen plataforma Suitzan sortu zuten, eta urteekin Europako beste herrialde batzuetara zabaldu dute. Katalunian eratuta daukate dagoeneko eta arrakasta handia izan du. «Urtebeteko epean 500.000 erreferentzia lortu zituzten», azaldu du Aranzadiko kide Juan Arizagak Zumaiako Algorri interpretazio zentroan egindako ekitaldian. «Aurretik bazeuden beste zenbait plataforma, baina ez zuten izan Kataluniakoak bezainbateko arrakastarik», gaineratu zuen.

Kataluniakoaren ondoren Euskal Auntonomi Erkidego (EAE) mailakoa izan da Ornitho plataforma martxan jartzen hurrengoa. Bere helburua da talde taxonomiko ezberdinen behaketa-erregistroak estandarizatu, gorde eta gizartera zabaltzea. Une honetan honako talde hauei buruzko aipamenak erregistratu daitezke plataforma honetan: burruntziak, eguneko tximeletak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak, saguzarrak, eta abar. «Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, zenbait espezie inbaditzaileren erregistroak ere jasotzen dira, hala nola, liztor asiarrarena edo zebra muskuiluarena», azaldu dute Aranzadikoek.

Interneteko plataforma honetan erregistratzen diren naturazaleek beraien behaketetan aurkitzen dituzten animalien berri eman ahal izango dute. «Egiaztatze batzorde bat ere badago; hauek esan dezakete behaketa hori posible dela edo, demagun, erregistroan agertzen den kokapen horretan ezinezkoa dela animalia mota hori aurkitzea». Erregistroekin batera, argazkiak eta soinuak igotzeko aukera ere ematen du sortu duten webguneak.

Ornithora sartzen diren bisitariek denbora jakin batean sartutako erregistroen zerrenda osoa eskuratzeko aukera dute. «Hori beste herrialde batzuetako Ornithoetan ez dago eskuragarri, baina bai gurean». Behaketak kontuan hartuta mapak ere sortzen ditu plataformak. «Orain arteko erregistroen %95a hegaztiek osatzen dute. Narrastien inguruko ikerketa bat egiten ari dira gaur egun eta datu horiek guztiak sistemara igoko dira», azaldu du Aranzadikoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide