Surrealismo ukituak dituzten margo figuratiboak eta eskulturak erakutsiko ditu. Maiatzaren 15era arte zabalduta egongo da erakusketa
«Nik Cambridge-en ikasi nuen», zioen Shanty Oriak seriotasun guztiarekin; «Zumaian Oxford badago, esan daiteke nik Cambridge-en ikasi nuela», gaineratu zuen erakusketaren zabaltze ekitaldian, herenegun. Zumaian zabaldutako erakusketan margo eta eskultura sorta bat erakutsiko ditu Oriak (Elgoibar, 1944). «Hogeitik gora eskultura ditut, baina, sei bakarrik ekarri ditut».Soldaduska amaituta hasi zen artegintzan, autodidakta moduan, «lanak eta beste betebeharrek uzten zidaten denboran. Esan daiteke asteburuak ematen nizkiola jarduera honi, eta hor ere ordu gutxi batzuk».
Bere margoak «figuratiboak» bezala definitzen ditu, baina «beti surrealismo ukitu batekin. Argazkiak hartzen ditu modelo bezala, baina beti moldaketak egiten dizkio. Paisaiak, erretratuak eta ate zahar batzuk ditu erakusgai. «Ateak bai, horiek nire irudimenetik sortuak dira».
Erakusketa maiatzaren 15era bitartean dago zabalik Alondegia kultur etxeko Oxford erakusketa aretoan; egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan eguerditan ere zabalik izango da, 12:00etatik 14:00etara.