Bost edo hiru eguneko irteeran parte hartzeko aukera zabaldu du Zumaiako mendi bazkunak. Palas, Bazias eta Pazino mendietan ibiliko dira mendizaleak
Ekainaren amaieran, Zumaian San Pedro jaiak ospatzen diren egunetan, Inda-Mendi elkarteko mendizaleak beraien zaletasuna asetzen egon izan ohi dira Iberiar penintsulako mendikateren batean. Aurten ere hala izango da; azken urteetako ohiturarekin jarraituz, Zumaiako mendizaleak Pirinioetara joango dira asteburu luzeko irteera batean.Aurten San Pedro eguna asteazkenean egokitzen denez, irteera luzea edo laburra egiteko aukera eskainiko dute Inda-Mendikoek. «Kontuan hartu behar da jende askok ezingo dituela egun guztiak jai hartu eta horregatik bi aukera prestatu ditugu», azaldu dute mendizaleen taldekoek.
Irteera luzea bost egunekoa izango da, eta lehen hiru egunetan Palas (2.974 metro) mendiari itzulia emango diote. Asteazkenean abiatuko dira autobusez Zumaiatik Soquesera; handik Arremouliteko aterpera joango dira. Ostegunean, Arremoulitetik atera eta Laribeteko aterpera joango dira, eta ostiralean Sallent de Gallegora. Ostiral horretan bertan elkartuko dira Sallenten irteera luzeko eta laburreko mendizaleak.
Larunbatean, Panticosako bainuetxean irteera eta helmuga izango dituen duen txangoa egingo dute; tartean, Bazias mendia igoko dute (2.754 metro). Igandean, irteerako azken egunean, Sallentetik gertu dagoen Pazino (1.965 metro) mendiari itzuli eman eta bazkaltzera joango dira denak batera, handik hurbil dagoen jatetxe batera.
Bi irteera horietan parte hartzeko prezioak erabaki ditu Zumaiako mendi bazkunak. Hala, bost eguneko irteeran parte hartzeko mendi taldeko bazkideek 275 euro ordainduko dituzte, eta bazkide ez direnek 290 euro. Irteera laburraren kasuan, Inda-Mendiko bazkideek 185 euro ordainduko dituzte, bazkide ez direnek, berriz, 200 euro. Prezio horien barruan autobusa, aterpea pentsio erdian eta azken egunerako bazkaria sartzen dira.
Irteeraren inguruko informazio gehiago jaso nahi dutenek indamendi1@gmail.com posta elektronikoko helbidera idatzi dezakete.
Eskola kirola, asteburuan
Bestalde, mendizaletasunarekin lotuta, eskola kiroleko ekitaldien barruan, joan den larunbatean Zarautz-Askizu-Zumaia ibilbidea egin zuten, Inda-Mendik antolatuta. Eguraldia lagun, jende kopuru politak hartu zuen parte mendi buelta horretan. Larunbat honetarako haurrekin beste irteera bat prestatu du mendi elkarteak: Zumaiatik irten eta inguruan dauden leku batzuk ezagutzeko. Irteera Gernika parketik (anbulatorio zaharraren paretik) da, 09:00etan. Ume zein guraso animatu dituzte bertan parte hartzera.