Errefuxiatuen harrera taldeko hiru gazte Greziara joango dira Donostiako Zaporeak boluntario taldearekin. Astean zehar ikastetxeetan egingo dute bilketa eta asteburuan saltokietan
Aste honetan, ostiralera bitartean, errefuxiatuen alde janaria bilduko dute Zumaiako ikastetxeetan, Errefuxiatuen Harrera Taldeak antolatuta. Herriko hiru gazte Greziako kanpalekuetara joango dira, eta hori baliatuz egingo dute bilketa. Gazteak Zaporeak Donostiako boluntario taldearekin doaz Greziara, eta Zaporeak- ek Kios uhartean errefuxiatuei jaten emateko dituen jangela sozialetan prestatuko dute bildutako janaria.Horrez gain, ostiralean eta larunbatean Eroski eta Dia saltokietan egongo dira janaria biltzen Errefuxiatuen Harrera Taldekoak: ostiralean 15:00etatik 21:00-etara eta larunbatean 09:00etatik 15:00etara. Produktu hauek jasoko dituzte: arroza, pasta, dilistak, babarrunak, txitxirioak, olioa, salda pastillak, esnea, kakaoa, gailetak, konpresak, fardelak, umeentzako toallitak eta esne hautsa.
Zaporeak-ekin elkarlana
Zaporeak proiektuarekin elkarlanean eramango dute bildutako janari hori dena Greziara. Hedabideek Errefuxiatuen krisia bezala izendatu duten tragedia piztu eta gutxira Greziako Kios irlan ziren Zaporeakeko lagunak laguntza eskaintzen. Urtarrilean joan ziren lehenengoz egoera zein zen ikustera. Baimenak lortu eta sukaldea jarri zuten gero, eta martxoaren 1ean bidali zuten elikagaiekin lehen kamioia. Ordutik milaka eta milaka plater prestatu dituzte ihesean Europara etorri eta Grezian harrapatuta geratu direnentzat.
Egitasmoko kideak beheko kanpamentua izeneko kokapenean izan dira errefuxiatuei janaria ematen. Europar Batasunak Turkiarekin sinatutako akordioaren ondoren atxiloketa zentroa zabaldu zuten errefuxiatuak hartatzeko. Hasieran bertara joateko asmoa izan badute ere, «garbitasun arazoak» argudiatuz, ez diete Zaporeakekoei sartzen utzi. Beheko kanpamentua berriz ere jendez betetzen ari dela ikusita, ordea, han geratuko dira. Hala, datozen egunetan berriz 2.000 lagunentzat jakiak prestatzea aurreikusi dute.
Errefuxiatuen Harrera Taldeak kontua zabaldu du, nahi duenak proiektua diruz laguntzeko: ES2430350037470370050252 (Laboral Kutxa) da kontua.