Azkoitiko EH Bilduk hondakinen mahaia "lehenbailehen" deitzeko eskatu dio udal gobernuari. Ohar bidez azaldu du koalizioak hondakinen bilketaren azken datuak "urruti" daudela 2013an adostutako birziklatze tasetatik –EH Bilduk, EAJk eta Azkoitia Baik adostu zuten aurreneko urtean %70 birziklatzea, eta bi urteren epean %80-85era iristea–.
Urola Erdiko Mankomunitatearen datuen arabera, joan den urtarrilean %60a birziklatu zen, eta, otsailean, %57.
EAJk udal gobernura iritsi zenean edukiontzi grisak Azkoitira itzuli zirela gogoratu du EH Bilduk, sailkapen tasak "izugarri" jaitsiz. "Gaur egungo datuen arabera, Azkoitiko ontzi arinen edukiontzietan jasotzen den guztia errefusa bezala galtzen da eta edukiontzi grisetan hondakin guztiak nahastuta dituen zabor poltsa ugari azaltzen da", iritzi dio koalizioak.
Javier Zubizarretari galdetu diote hondakinak biltzeko "zein sistema ezarriko duen" Azkoitian. EH Bildurentzat hondakinen bilketa selektiboa da aukera posible "onena".
Gainerako udal taldeekin adostasunak bilatzeko ere eskatu diote Javier Zubizarretaren taldeari.
EH Bilduk plazaratutako grafikoa. (EH Bildu)