Hasi dute mende laurdena beteko duen bertsopaper lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko apirilaren 20a

Bertsopaper lehiaketa antolatu dute, beste behin, Xabier Munibe Ikastolako Indarlan eta Udaberri guraso elkarteek. Bertsolari parte-hartzaileek lau eta sei bertso artean sortu beharko dituzte, gai eta neurri librean. Lanak jasotzeko azken eguna maiatzaren 13a da. Sari banaketa, berriz, maiatzaren 27an egingo dute, Baztartxon, 12:30ean. Ohi bezala, bi multzotan banatuko dituzte parte-hartzaileak: A multzoan sartuko dituzte DBHko 1. eta 2. mailakoak, eta B multzoan, DBHko 3. eta 4. mailakoak. Derrigorrezko baldintza da bertsoek berriak izatea, hau da, beste inon aurrez aurkeztu gabeak. Parte-hartzaile bakoitzak bi bertso sorta bidal ditzazke. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, lanak entregatzeko aukera desberdinak dituzte: posta arruntez bidaliz gero, bertso sortak ezizenez sinatu behar dira. Beste azal batean egilearen izen-abizenak sartuko dira, kanpotik ezizena bakarrik jarriz. Bietan, zein atalekoa (A edo B) den adieraziko da. Lanen hiru kopia helbide honetan jasoko dituzte: Xabier Munibe Ikastola, XXV. Bertsopaper Lehiaketa, 75 posta kutxa, 20720, Azkoitia. Posta elektronikoa erabiliz gero, bi dokumentu jaso nahi dituzte, word formatuan xabiermunibebertsoak@gmail.com-era. Lehenengoan, bertso sorta eta ezizena idatzi, eta, bigarrengoan, egilearen datuak. Dokumentuaren izenburuan, egilearen atala (A eta B) eta ezizena jakinaraziko dira. 100 euro eta ikastolaren oroigarria jasoko ditu aurreneko sarituak; bigarrenak, 75 euro eta oroigarria; eta, hirugarrenak, 50 euro eta oroigarria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide