Bi solairutako komunak eraberrituko dituzte, emakumeentzat aldagelak jarri eta eraikin osoko berogailu sistema zatikatuko dute. Andoni Txintxillak jarraituko du kudeatzen bertako taberna
Adinekoen Gizarte Zentroa edo Hogarra bezala ezagunagoa dena obretan dago egun hauetan. Eusebio Gurrutxaga plazan dagoen zentroan adineko ugari eta adinekoak ez diren herritar ugari ibiltzen da. Jubilatuek eta pentsiodunek eraikineko hiru solairutan banatuta dauden azpiegiturak erabiltzen dituzte: ileapaindegia, bulegoak, billarra eta, noski, taberna-jatetxea.Gizarte Zentroa eraberritzeko lanak astelehenean hasi zituzten, eta datozen hiru asteotan amaituko direlakoan da Zumaiako Udala, eraikinaren jabea. Tabernako eta bigarren solairuko komunetan hobekuntzak egingo dituzte, eta zentroan lan egiten duten emaku- mezkoentzako aldagela bat eraikiko dute. Orain arte, ez dute horrelako gelarik izan, beraz, udalak, beraien beharrei erantzuteko xedez, ezinbestekotzat jo du arropaz aldatzeko eta euren gauzak uzteko espazio bat sortzea. Bestalde, eraikineko hiru solairuetako berogailua eremuka banatuko dute, eraginkortasuna areagotu eta energia aurrezteko. Lanek 54.280 euroko aurrekontua izango dute, eta Zumaiako Portu enpresak egingo ditu.
Baldintzetan aldaketak
Era berean, udaletik azaldu dute Hogarreko kudeaketa-kontrataziorako baldintzetan aldaketak egingo dituztela. Modu horretara, orain arte urteko alokairuagatik ordaintzen zen diru-muga kendu egin dute, eta kontratuaren iraupena lau urtera luzatuko dute, beste bi urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin. Bestalde, udalak egoitzaren alokairuagatik jasotako diru sarrerak ere aldaketak ditu: lehen hileko 147,5 euro jasotzen zituen, orain, berriz 606,21euro jasoko ditu. Aparteko diru sarrera hori, bere osotasunean, egoitzan berrikuntzak egitera bideratzea erabaki du udalak.
Behin baldintza berriak idatzita, Adinekoen Gizarte Zentroko edo Hogarreko taberna-jatetxearen kudeaketa kontratatzeko aukera atera zuen udalak, eta jasotako proposamenak aztertu ondoren, Andoni Txintxilla Tama- yori eman diote kudeatzeko aukera. Aurreko urteetan ere berak eraman du jatetxea.