Apirilaren 6an hasi eta ikasturte bukaera artean emango dituzte musikako eskolak, eguerditan. Umeekin hasi dira, baina Txori Txikik eskaintza zabaltzea nahi du
Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak Zumaiako auzoetara zabalduko du bere eskaintza. Apirilaren 6tik aurrera Oikiako eskolan ere musikari lotutako klaseak emango ditu.Apirilean hasi eta ikasturte bukaera arte luzatuko dira musika eskolako saioak. Proposamena Plan Estrategikoa osatzeko antolatutako bilera batean egin zuten. «Oikiako ikasleek Zumaiara etortzeko zituzten arazoak aipatu zizkidan Oikiako eskolako zuzendariak, eta ondoren sortu zitzaigun Oikian musikako klaseak emateko ideia. Haiek gugana etortzeko arazoak bazituzten, zergatik ez joan gu haiengana klaseak ematera, eguerdiko tarteak aprobetxatuz», azaldu du Txori Txikiko zuzendari Sofia Oriak. Klaseak 12:30etik 14:30-era bitartean emango dituzte Oikian, bai taldekako jarduerak, baita instrumentuenak ere.
Jaso duten erantzuna «izugarria» izan dela azpimarratu du Oriak. «Ez genuen halakorik espero! Gurasoekin bi bilera izan ditugu, eta garbi esan zuten aukera aprobetxatu behar zela. Oso pozik gaude guztiok».
Oraingo ikasturtean 4 urtetik aurrerako haurrengana zuzendu dira, baina hurrengo ikasturtean helduekin eta erretiratuekin proba egiteko asmoa dute. «Gure helburu nagusia ahal den pertsona gehiengana iristea da eta musika ikasi nahi duen guztiek horretarako aukera izatea», adierazi du Oriak.