Sostenipe Talde Feministak elkarretaratzea eta poteo feminista antolatu ditu gaurko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko mar. 8a, 17:42

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte eragileek zein udalek herriz herri. Azkoitian Sostenipe talde feministak honako egitaraua prestatu dute arratsalderako: – 19:00. Guk balaikeu! lelo hartuta elkarretaratzea egingo dute, herriko plazan. – 19:30. Poteo feminista herrian zehar. – Ondoren, afari-luntxa egingo dute Zakelan. 8 euro da afaria, eta aurrez izena eman behar da Zakelan bertan edo Etxe Aitz tabernan. Egitaraua antolatzeaz gain, adierazpena ere kaleratu dute.
Azkoitiko SOSTENIPE emakume feministen taldeak Martxoaren 8ra begira antolatu dugun egitarauaren berri eman nahi dizuegu. Izan ere, 2016an, oraindik, lan baldintza eta soldata desberdintasunek, kargu publikoetan presentzia eskasiak, bizitza politiko eta ekonomikoan errepresentazioa baxua izateak, seme-alaben / helduen / etab. zaintza lanak, amatasun bajengatik oztopoak izateak, etxeko lanetako desorekak eta abarrek, emakume guztiengan eragiten dutela badakigu. Horrela beraz, Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Egun izendatua, berdintasuna aldarrikatzeko eguna da, helburu zehatzekin sortua izan zena, -besteak beste boto eskubidea, lan eskubidea, formazio profesionala, etab. aldarrikatzeko- eta egun, urteurren gisa ospatzen duguna, egunerokotasunean egiten den lanari esker lortutako lorpenez hausnartzeko, aldaketak aldarrikatzeko eta urtez urte, egunez egun, berdintasunaren alde borrokan jardun duten eta diharduten emakumeak gogoratzeko aldarrikapenen eguna izan behar luke. Egun honetan, kontinente ezberdinetako emakumeak, mugen bitartez banatutakoak, hizkuntza ezberdinetakoak, kultura anitzetakoak, etab. berdintasunaren alde elkartzen gara, bakoitzak, bere eremutik egunerokotasunean egiten duen hori ikustarazteko, izan ere, Martxoaren 8a, borroka egun bakarra baino, urteko 365 egunetan egiten den lanaren plazaratze bezala ulertzen dugu. Horregatik, aurtengoan ere, festa giroan kalera irtengo gara, gure eskubideak aldarrikatzeko, urtez-urte burutzen diren borroka guztien omenez eta egunez egun munduko txoko guztietako emakumeek egiten duten lana ikusgarri egiteko asmoz. Beraz, Martxoaren 8an Azkoitian burutuko ditugun ekintzetara gonbidatzen zaituztegu.
Bere partetik, Azkoitiko Udalak martxoaren 8ko adierazpen instituzionala onartu zuen asteleheneko ezohiko batzarrean. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk eta Azkoitia Baik, kontra. "Udalak gogorazi nahi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna funtsezko eskubidea eta oinarrizko balioa dela demokraziarentzat", dio oharrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide