Zapatuko partidara "gorriz jantzita" joateko deia egin du Anaitasunak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko mar. 2a, 12:24

Txerloian Anaitasunak eta Tolosak jokatuko duten partidara gorriz jantzita joaten diren zaleek hainbat abantailaz gozatu ahal izango dute.

Anaitasunak 2012an liga irabazi zueneko irudia. (Ane Olaizola) Anaitasuna Ohorezko Erregional Mailako taldeak sailkapeneko lehen postua lortzeko borrokan den Tolosa taldea hartuko du larunbatean Txerloia futbol zelaian, 17:00etan hasita. Hiru puntu garrantzitsu izango dira jokoan zapatuko neurketan; izan ere, bi taldeak 48na puntu dituzte eta sailkapeneko aurreneko postua dute jomugan. Partidaren garrantzia ikusirik, Anaitasunak dei egin die zaleei Txerloiara joan daitezen: "Klubak gorriz jantzita joateko eskaera egin nahi die zaleei, eta zelaiaren sarreran hala jantzita daudenek hainbat abantailaz gozatu ahal izango dute". Bazkide ez diren eta gorriz jantzita bertaratzen diren azkoitiarrek hiru euroren trukean eskuratu ahal izango dute partidarako sarrera. Horrez gain, zaleentzat atsedenaldirako jolas bat antolatu du klubak: zelai erditik atera jaurtiketa egiteko aukera izango dute Txerloiara gorriz jantzita joaten diren zale guztiek; baina jaurtiketa egin nahi duen orok izena eman beharko du sarreran, neurketaren 30. minutua baino lehen. Gehienez, sei zalek hartuko dute parte jolas horretan, eta seik baino gehiagok ematen badute izena zozketa egingo dute atsedenaldia baino lehen. Zelai erditik gola sartzea lortzen dutenek aurrera jarraituko dute lehian batek irabazi arte, eta parte-hartzaile bakarrak sartzen badu gola hura izango da irabalea. Garaileak Anaitasunaren babesle den Joseba Jatetxean bi lagunentzako afaria irabaziko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide