Euskara, bestela ez gara zikloko bigarren saioa izango da gaur Oxford aretoan, 18:30ean. Lutxo Egia idazlea izango da hizlaria, eta iazko udan egindako performance edo ariketa berezi baten berri emango du: Bilbon hilabetez gaztelania erabili gabe bizitzen saiatzea.
Bizipenak Transitoak izeneko blogean bildu zituen, eta asteazkeneko solasaldian azalduko ditu. Aurrez, Bilbon euskaraz bizitzea zer izan daitekeen irudikatzeko, Hamaika telebistako Ertzak programako atal bat eskainiko dute: Euskaraz badakigu, zergatik ez gara euskaraz bizi?
Joan den astean hasi zen Euskara, bestela ez gara zikloa, Juan Carlos Etxegoien Xamar-ek aurkeztutako Euskara Jendea izeneko dokumental sortaren azken atalarekin. Bertako kultura eta historia ezagutzearen eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta euskarak izugarri laguntzen duela eginkizun horretan.
Beste bi saioz osatuko da aurtengo ikus-entzunezkoen zikloa. Gaur zortzi, martxoaren 2an, Iñigo Asensiok Euskara munduan dokumentala aurkeztuko du. Batez ere kanpoan bizi diren euskaldun batzuen bizipenak biltzen ditu lanak. Martxoaren 9an Txema Abarrategi izango da Zumaian Beltzean mintzo izeneko lanarekin.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide