Zumaiako Udalak erabakia hartu du, eremu publikoetan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kenduko ditu, «edozein delarik hauen edukia, mezua, jatorria edota helburua». Erabakiaren berri ohar baten bidez adierazi du udalak.
Orain hamar egun, otsailaren 14an, Zumaiako Ernai eta Eskubide Sozialen Karta taldeek beraien haserrea erakutsi zuten sare sozialen bitartez, udaltzainek, Ertzaintzaren patruila batzuen laguntzarekin, kalean jarri zituzten zenbait pankarta kendu zituztelako.
Udaletik esan dutenez, «herria garbi eta txukun mantentzeko, ingurumena zaintzeko eta guztiona dena errespetatzeko xedearekin» hartu dute neurri berria. Hala, udalak oharrean dioenez, orain arte, ostegunetik astelehenera artean kartel eta pankartak ezartzea onartuta zegoen, baina aste egunetan horiek kendu egiten zituzten,«herriari itxura garbiagoa eta txukunagoa emateko. Aurrerantzean aste guztian zehar irizpide bera jarraitzeko erabakia hartu da». Ez hori bakarrik, udalak ordenantza bat idatziko du eta horren barruan egituratu eta arautuko ditu besteak beste, kartel eta pankartak jartzeko nondik norakoak, publizitate panelen kokapena, pintadak egitearen aurkako neurriak eta abar.
«Adierazpen askatasunaren alde egiten duen apustua» berretsi nahi izan duela azaldu du Udal Gobernuak ohar horretan, «beti ere, Zumaian horretarako ezarrita dauden guneak errespetatzen badira». Horren inguruan, gogorarazi dute ezarrita eta herritarren eskura daudela panel urdinak, mezuak bertan jarri ahal izateko. Udalak bertan behera utzi du udal publizitatea jartzeko erabili ohi zituen panelen erabilpena.
Neurriak, noski, izan du bere erantzuna eta aldeko eta kontrako iritziak izan dira.
Baleike.eus webgunean eztabaida sortu da gaiaren inguruan. Batzuek ontzat jo dute udalak hartuta neurria eta harago joateko eskatu dute: «Espero dut, kartelez gain, pintaden kontuekin horren zorrotzak izatea». Beste batzuk zentsura ikusi dute Udal Gobernuaren erabakian: «Honen helburu bakarra protesta eta aldarrikapenak ezkutatu nahi izatea da; protesta eta aldarrikapenak garbitu, arazoak ezkutatzeko».