Azkoitiko Udalak hiru ikastaro antolatu ditu, lan arloan euskara sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko ots. 23a, 14:27

Banaiz Bagara elkartea arduratuko da ikastaroak emateaz.

Azkoitiko Udalak hiru ikastaro antolatu ditu lan eremuan euskara sustatzeko. Hogei orduko iraupena izango dute ikastaroek, eta langileek eta langabetuek har dezakete parte. Landuko diren hiru arloak honakoak dira: Ostalaritza eta merkataritza, pertsonen zaintza eta industria. Ikastaroak doan dira, eta euskaraz ez dakitenei zuzenduta daude, batez ere. Ikastaro guztiak Elkargunean emango dituzte. Edukiei dagokionez, honako eremuak landuko dituzte, besteak beste: oinarrizko hiztegia, lan egoera elebiduna, kulturartekotasuna munduan, curriculuma nola hobetu eta on line ikastaroei buruzko informazioa. Ikastaroak martxoan hasi eta ekainera arte luzatuko dira: Ostalaritza eta merkataritzakoak martxoaren 7tik 18ra, eta, pertsonen zaintzakoak, apiriletik maiatzera bitartean. Industria arlokoa ekainean emango dute. Izena udaletxeko harreran eman behar da martxoaren 3a aurretik, edo telefonoz deitu 953-080 080 telefonora.

Banaiz Bagararen eskutik

Banaiz Bagara elkartea arduratuko da ikastaroak ematez, Euskara Plus Aniztasunean programaren barruan. 2009an sortu zen taldea Urnietan, eta jatorri ezberdinetako pertsonen artean euskaraz bizitzeko aukerak sortzea du helburu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide