Hasteko, aldarrikatu nahi dugu, 2014ko uztailean sistema mistoak nahiko ondo funtzionatu duela, gorabeherak gorabehera. %70tik gorako (noizbait %80) gaikako bilketan ibili gara. Maiatzetik aurrera gauzak aldrebesten hasi ziren, ordea. Galdeketan ezezkoa gailendu, eta EAJk hauteskundeak irabazi ostean, jende zabarrak zaborrarekin barra libre izango zuela pentsatu du nonbait. Baina diskuidatuta daude. Udal gobernuko ordezkariekin egon garenean udalbatzan onartutako helburu eta printzipioak bete behar direla esan izan digute: 1- %70eko gaikako bilketa (2 urtera %80-85) 2-hondakinak bereiztea herritar guztion betebeharra da. 3-Errefusari ateak itxiko dizkion sistema izatea. 4-Gaika bildutakoaren kalitatea bermatzea. 5-Irizpide teknikoetan oinarritutako sistema izatea. Eta guk hitza hartzen diegu. Sistema aldaketa egiteko asmoa azaldu ziguten, baina gaikako bilketaren helburuak mantenduz. Horretarako ondorengoa proposartu ziguten: Errefusarentzat eta organikoarentzat txip bidezko edukiontziak ipini nahi zituztela esan ziguten. Zegama eta Arrasateko sistemak aipatu zizkiguten. Alegia: txip bidez kontenedorak (errefusa astean behin), malditos txintxilikarios erabili beharrik gabe; eta helburuak lortzen ari garen baloratu eta neurri zuzentzaileak adosteko jarraipen batzordea osatu. Gure ustez Zegama eta Arrasateko sistemak gauza positiboak badituzte, eta horretaz hitz egiteko prest azaldu ginen eta zain gaude. Azkoitian dugun arazoetako bat inpropioena da eta kontenedore sistemarekin mugak daudela jakitun gara. Izan ere, kontenedoreak txipdunak izan arren kontrolerako eta mugak jartzeko eta zuzentzeko zailtasunak aurreikusten ditugu. Horregatik, ahal den zorrotzen jokatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Hala ere, ahalegina egiteko prest gaude. Gauzak aldrebestu direla diogunean, inpropioekin dugun arazoaz ari gara. Beraien zaborra (nahasia) topatzen duten lehenego zuloan botatzen duten horiek gainontzekoen ahalegina izorratzen ari direnez, alegia! Edukiontzi marroi eta horian inpropioekin ditugun arazoen ondorioz birziklatze-plantetara bideratu ditugun hondakin kopurua %30-40ra jaitsita egon da. Organikoa, berriro ere, bereizte plantara bideratu bada ere, ontzi arinak zabortegira doaz zuzenean. Urtarrilean zabortegira 66.000 kilo bideratzetik, urrian 235.000 kilo bideratzera pasa gara, ai lau aldiz gehiago! Zorionez zertxobait zuzendu da. Oraindik dauden arazoak konpontzeko proposamenak baditugu. Gauzak horrela, behin behineko neurri gisa, azarotik edukiontzi grisak ditugu kaleetan. Guretzat kezkagarria da edukiontzi gris tragoia-k (kontrolik eta mugarik gabe) berriz kalean ikustea. Gaizki ari direnei erraztasunak ematea dela uste dugu. Arduragabe direnei arrazoia ematearen parekoa denaren sentsazioa dugu. Baina behin-behineko neurri bezala onartu genuen, udala zangotrabatzen hasi gabe. Behin behineko neurriarekin hiru hilabete pasa daramatzagu! Bada garaia aipatzen zizkiguten Zegama eta Arrasateko sistemen ildotik, eta helburuak lortze aldera, Azkoitian egin behar duguna zehazten joateko. Horretarako, lehenbailehen, teknikariekin elkartu eta, urratsak finkatzen joatea presazkoa dela uste dugu. Guk jarrera eraikitzailearekin jarraitzen dugu.