XXXII. Herri Lasterketa jokatuko da bihar arratsaldean Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ots. 19a, 08:17

Haurren lasterketak 15:45ean hasiko dira .17:00etan lasterketa nagusietakoek irtengo dute .Izena emateko aukera bihar eguerdira arte egongo da zabalik

Zumaiako Herri Lasterketako aurreko edizio bat (Juan Luis Romatet). Larunbat arratsaldean jokatuko da Zumaian XXXII. Herri Lasterketa. Azken urteotan bezala, bi ibilbidetan parte hartzeko aukera izango da: 5.600 metroko lasterketa laburrean eta 10.200 metroko luzean. Eguraldi aurreikuspenen arabera, eguraldia lagun izango dute eta korrikarako giro ona egingo du. Arratsaldea hasteko, haurren lasterketak egingo dira aurrena, 15:45ean hasita. Kimuek 1.100 metroko proba izango dute. 16:10ean infantil eta kadeteek irtengo dute; hauek 2.200 metroko bidea eginez. 16:25ean benjaminen txanda da, eta 16:30ean benjamin aurrekoena. Bi maila horietan 300 metroko lasterketa egingo dute. Benjamin aurrekoek guraso batekin egin beharko dute korrikaldia. Haurren lasterketetan parte hartzea doakoa da. Haurren korrikako probak amaituta, lasterketa nagusien txanda izango da. 17:00etan abiatuko dira korrikalariak Eusebio Gurrutxaga plazatik. Azken urteotan bezala, bi distantzia izango dituzte aukeran: 5.600 metroko lasterketa laburrean eta 10.200 metroko kros luzean. Atzo eguerdirako 258 korrikalarik zuten izena emanda herri lasterketan: 226k luzean eta 32k laburrean. Antolatzaileak jakitun dira kirolari asko azken unera arte egoten dela zain izena emateko. Hala, Internet bidez izena eman nahi dutenek bihar eguerdira arte izango dute aukera www.herrikrosa.eus webgunearen bitartez. Gainera, bihar 12:00etatik 16:15era izango da aukera apuntatzeko Itsas kiroldegian. Dortsal-txipa, proba egunean Itsas kiroldegian bertan banatuko dute, 09:00tatik 13:00tara eta 14:30etik 16:30era. Autobusak Estaziotik Lasterketa hauek direla-eta, 17:00etatik 18:00etara bitartean Zumaiatik ateratzen diren autobusak, bai kostakoak, bai Urola bailarakoak, tren geltokian hartuko dira. Esandako orduetan ez dira sartuko Patxita Etxezarreta kalean eta Txomin Agirre kaian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide