Ttakun Pulpo eskubaloi taldea.
Pulpo eskubaloi elkarteko lehen taldea egoera onenean ez badago ere, harrobiak bere fruituak ematen jarraitzen du. Klubeko jubenil mutilek eta kadete neskek Euskal Ligarako igoera fasea jokatuko dute asteburu honetan.
Mutilen taldeek etxean jokatuko dute fasea, Lubaki kiroldegian. Ostiral, larunbat eta igandean bina partida jokatuko dituzte. Pulporen aurkariak Gasteizko Corazonistas, Andoaingo Leizaran eta Bizkaiko Escolapios izango dira. Denak denen aurka jokatuko dute, eta hiru egunen ondoren sailkapeneko lehen biek Euskal Ligako bigarren fasea jokatzeko txartelak eskuratuko dituzte. Euskadiko txapelketarako borrokan sartzeko eta Espainiakorako txartelak lortzeko aukera emango die horrek.
Pulpok Corazonistas taldea izango du aurkari gaur, 18:00etan hasita. Leizaranen kontra jokatuko dute bihar, 16:00etan. Azken egunean, igandean, Escolapios izan dute aurkaria, 12:00etan.
Egoera berdinean izango da kadete nesken Ttakun Pulpo taldea. Hauek Muskizen (Bizkaia) jokatuko dute beraien fasea eta Usurbil, Muskiz eta Gasteizko Eharialdea izango dituzte aurkariak. Gipuzkoako txapeldunorde izan ziren orain gutxi eta, mutilek bezala, bigarren fasea jokatzeko lehen bi aurrenekoetan sailkatzea izango dute helburu.
Pulpoko lehen taldeak ez du aurkari erraza izango bihar Lubaki kiroldegian, 19:15ean hasita. Hirugarren dagoen Uharte taldea izango dute aurrez aurre. Zumaiko taldea sailkapeneko azken postuan dago batere punturik gabe.