Zumaian Bakearen aldeko eskola eguna ospatuko dute Maria eta Jose ikastetxekoek

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urt. 29a, 08:27

Nazioarteko Indarkeriaren aurkako eta Bakearen aldeko eskola eguneko ekitaldia kalean egingo dute gaur, ostirala

Nazioarteko Indarkeriaren Aurkako eta Bakearen Aldeko eskola eguna ospatuko dute gaur, ostirala, Zumaiako Maria eta Jose ikastetxean. Urtero egin ohi dute, aurten, ordea, ikastetxean bertan ospatu beharrean, herriko kaleetara irtengo dute ikastetxea osatzen duten ikasleak eta irakasleak. «Pertsona ororen duintasuna da oinarrizko balioa, duintasun horretatik sortzen baitira giza eskubideak eta gizaki guztien arteko berdintasuna», azaldu dute Maria eta Jose ikastetxetik. «Gure eguneroko lanean dihardugu gure ikasleekin lanketa horretan, eta zer politago Nazioarteko Indarkeriaren Aurkako eta Bakeraren eguna dela aprobetxatuz, hori ospatzea baino», gaineratu dute. Esan bezala, ikastetxeko eremutik atera eta herriko kaleetan ospatuko dute. «Kalejira alai batekin herrian buelta bat emango dugu. Txomin Agirre kaitik Alondegiraino joango gara,  eta Erribera kaletik barrena Eusebio Gurrutxaga plazaraino iritsi arte. Plaza horretan egingo dugu ekitaldi nagusia». Ikastetxetik 11:40an irtengo dute, eta Eusebio Gurrutxagako ekitaldia 12:00ak aldean izango da. Bertan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak. «Ekintza irekia dela kontuan hartuz, udaletxeko ordezkari guztiak ere gonbidatu ditugu», esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide